Aiestaran anaiek lehendabiziko lau puntuak lortu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 00:00

13-15nako bi setetan gainditu zituzten Gurrutxaga eta Eskudero Berria Txapelketako B multzoko partiduan.

 

Paul eta Aitor Aiestaran anai hernaniarrek Berria Txapelketan garaipena lortu zuten beraien lehendabiziko partiduan. 13-15 eta 13-15 irabazi zuten Gurrutxaga eta Eskuderoren aurka eta beraz lau puntu lortu zituzten eta sailkapenean lehenengo postuan kokatu dira, B multzoan, Gurrutxaga eta Eskuderorekin berdinduta, baina partidu bat gutxiagorekin. 

Partidu oso parekatua izan zen, bai lehendabiziko setean eta bai bigarrenean. Aurrelariek maila parekoan jokatu zuten, Gurrutxagak gehiago arriskatuz eta Aiestaranek pelota atzeratuz. Atzean ere peloteoan berdinketa haundia izan zen, baina sakean egon zen aldea urdinen alde. Aiestaran VI.ak hamar tanto egin zituen saketik eta Eskuderok berriz bost. Hor egon zen alde nabarmena.

Hala ere bi setak azken unean erabaki ziren eta hor seguruago aritu ziren Aiestaran anaiak. Gurrutxagak gehiegi arriskatu zuen azken tantoetan eta bi akats erabakigarriak egin zituen. Lehenengo setean azken tantoan eta azken setean urdinen hamalaugarren tantoan. Hor egin zien ihes partiduak gorriei. 

B multzoa azken partiduan erabakiko da eta oraindik taldeko hiru bikoteek dituzte aukerak sailkatzeko edota kanpoan geratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!