Kronikaren erakusketa ikusteko, azken eguna

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 00:00

Biterin gaur arte dago ikusgai Kronikaren erakusketa.

Gaur izango da Biterin zabalik azken egunez eta bertan azken 25 urteetako ibilbidea ikusi daiteke.

 

Kronikak 25 urte beteko ditu ekainaren 23an, eta urteurren berezia ondo ospatzeko egitarau berezi bat jarri du martxan lan taldeak. Kronikaren ibilbidea sakon ezagutzeko aukera izan da azken asteetan Biteriko areto nagusian. 25 urte kaleko berri ematen erakusketak jende asko bildu du otsailaren erdialdetik eta gaur izango du erakusketa ikusi nahi duenak azken eguna, gaur arte egongo baita ikusgai.

Erakusketan atal ezberdinak izango dira. Hasierako urteetako argazki zaharrak eta Kronikatik pasa diren lan taldeen argazkiak ikusi daitezke. Kronika esanguratsuen azalak ere ez dira faltako.

Kronologikoki ibilbide bat ikusi daiteke (azalen, argazkien eta azalpenen bitartez) zer aldaketak izan diren azalduz. Bitxikeri moduan Kronikak bere ibilbidean zehar abenduaren 28an argitaratutako Inoxente eguneko aleak bertan izango dira. Batzuk eman zuten zeresana. Hori gutxi balitz ale zaharren liburuak ere bisitariek ikusi dezakete.

Apirilaren 4ko bertso saioak emango dio jarraipena 25. urteurreneko egitarauari. Kantuan ariko dira: Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu eta Andoni Rekondo bertsolariak, Aritz Zerainen gaiei erantzunez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!