«Garrantzitsua da M8 borroka egun bat dela azpimarratzea, eta historikoki duen zentzu iraultzailea berreskuratzea»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 5a, 00:00

Nahia Zurutuza, Itaiako Hernaniko kidea.

Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, elkarretaratzea deitu du Hernanin Martxoaren 8an, 13:00etan Gudarien Plazan. Itaiako kidea den Nahia Zurutuza hernaniarrarekin hitz egin du Kronikak, Martxoak 8aren inguruan Itaiak egiten duen hausnarketa jakiteko.

Nola ulertzen du Itaiak Martxoaren 8a?

Azkeneko urteetan ikusi da nola martxoaren 8an diskurtso hutsal eta sinbolikoak gailendu diren. Politikagintza profesionalean honelako diskurtsoak zabaltzen diren bitartean, emakumeok matxismoa pairatzen jarraitzen dugu. Eskuin zein ezker alderdietan ikusten dira feminismoaren aldeko aldarriak, baina ikusi dugu errealitatean ez dagoela borondaterik ez eta gaitasunik, emakumeok bizi dugun zapalkuntza gainditzeko. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela Martxoak 8 borroka egun bat dela azpimarratzea, eta historikoki duen zentzu iraultzailea berreskuratzea. 

Zertaz ari zarete «zentzu iraultzailea» berreskuratu behar dela esaten duzuenean?

Emakume Langileon Nazioarteko Eguna, garai bateko alderdi sozialistek emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko norabidean eta, zentzu honetan, kapitalismoa gainditzeko norabidean, eman zuten pausu taktiko bat izan zen. Feminismoaren instituzionalizazioarekin eta berdintasunaren gaineko ulerkera hutsalekin, egunaren jatorria ezkutuan geratu da. Egungo testuinguruan, inoiz baina garrantzitsuagoa iruditzen zaigu Martxoak 8aren jatorrizko zentzu hori gogora ekartzea.  

Borroka eguna dela aldarrikatzen duzue.

Salatzen gabiltzan faxismoaren gorakada horrek zuzenean eragiten digu emakumeoi, eta atzerakada politiko eta ideologikorako arriskua ate joka daukagu. Ideia matxista eta erreakzionarioak zabaltzen ari dira; kaleetan, instituzioetan, sare sozialetan… Hauek emakumeon eskubideen aurkako diskurtso bat zabaltzen dute, eta emakume otzanaren eta sexualizatuaren irudian sakontzen dute. Hau da egun dugun errealitatea, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu honen aurrean gaurdanik borrokatzea. Ideia faxista eta erreakzionarioei aurre egiteko diskurtso eta antolakuntza politiko sendo baten faltan, ondorioak badakigu nolakoak izan daitezkeen, eta ez dago galtzeko denborarik. Martxoak 8a horretarako egun bat izan behar dela uste dugu; borroka egun bat, faxismoari eta jarrera matxistei aurre egingo diegula erakutsiko duen egun bat. Zentzu honetan, herritar oro gonbidatu nahi dugu martxoaren 8an 13:00etan Gudarien Plazan egingo den mobilizazioan parte hartzera. 

Nondik dator matxismoaren gorakada hau?

Matxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakada ez da ausazko fenomeno bat. Kontuan hartu behar dugu azkeneko urteetan ezkerreko gobernuek politika identitarioei eman dietela zentraltasuna, honek langile klasearengan aldaketa nabarmenik eragin ez duelarik. Eta ez hori bakarrik, langile klasearen interes eta eskubideen kontra doazen politika autoritarioak indartu dituzte, eta testuinguru hau baliatzen ari da eskuina interbentzio kulturalerako. Honen aurrean beharrezkoa iruditzen zaigu eskuinari bidea ixtea, ezker politiken mugak seinalatzea, eta emakume langileentzako erreferentziazkoa izango den alternatiba politiko bat eraikitzea. 

Zein da aterabidea?

Uste dugu matxismoari ez zaiola aterabidea emango instituzioetatik, horregatik egiten dugu hauetatik kanpo antolatzeko eta kaleetan matxismoaren kontrako zentzu komun bat zabaltzeko apustua. Aldi berean, ezinbestekoa da matxismoaren aurrean erantzun irmoak ematea, erasotzaileei lekurik ez dutela argi uztea. Eta guzti hau, efemeride hauetatik haratago, egunerokoan aurrera eraman beharreko lana da.

Zentzu honetan, ezinbestekoa da emakume langileon zapalkuntza erreproduzitzen duen sistema kapitalista gainditzeko lan egitea. Horretarako, emakume langileok sozialismoaren aldeko borrokaren lehen lerroan egon behar gara, politizazio lanetan sakonduz eta emakumeok lehen mailako agente politiko izateko baldintzak sortuz.

Zein da larunbateko lema?

Larunbatean eguerdiko 13:00etan Hernaniko Gudarien Plazan elkartuko gara 'Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara' lemapean. Dei egiten diegu herritar orori hitzordura gerturatzera eta borrokara batzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!