Hernanik aurreneko garaipena lortu du Elite multzoan L'Hospitaleten

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 4a, 00:00

Bi aste barru Hernanik Belenosen aurka jokatuko du berriz ere Landaren.

7-26 irabazita, hernaniarrek erakutsi dute igoera fasean lehiatzeko talde sendoa dutela.

 
 

Hernanik 7-26 lortu zuen igandean garaipena L'Hospitaleten kontra Ohorezko B Mailako elite multzoko bigarren partiduan. Aurreko astean etxean Las Rozasen, azken minutuetan, galdu eta gero erakutsi dute hernaniarrek talde sendoa dutela eta igoera fasean lehiatzeko prest daudela. Hiru jardunaldi jokatu dira eta talde guztien artean berdintasun haundia dago. Oraingoz Liceo Frances da hiru partidu irabazi dituen talde bakarra eta bitik bi partidu irabazi ditu Las Rozasek. Beste guztiek gutxienez partidu bat galdu dute. 

Hernanik aurreneko jardunaldian sentsazio onekin amaitu zuen, nahiz eta partidu hura galdu eta sentsazio on horiek berretsi zituzten L'Hospitaleten. Lehendabiziko zatia berdinduagoa izan zen. Beñat Arizetak ireki zuen markagailua (0-3) zigor kolpe baten, baina etxekoek aurrea hartu zuten 25garren minutuan (7-3), entseguaren gauzatzea eta gero. Hala ere, Hernanik ez zuen sorpresarik nahi eta hurrengo jokaldian Jon Ander Zapianek trikoloreen lehenengo entsaioa lortu zuen, berriz ere abantaila Hernaniren alde jarriz, 7-8.

Lehendabiziko zatia amaitu aurretik Beñat Zapianek bigarren zigor kolpea sartu zuen eta atsedenaldira 7-11ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak aldageletara.

 

Bigarren zatian, Hernani nagusi

Aldageletatik bueltan Hernanik abantaila haunditu zuen. Minutuak aurrera joan ahala, trikoloreek fisikoki hobeto eutsi zioten eta zulo gehiago aurkitu zituzten aurkarien defentsan. 59garren minutuan Beñat Arizetak beste zigor kolpe batekin 7-14koa igo zen markagailura. Anartz Elosegik partidua erabakita utzi zuen hamar minuturen faltan (7-19) eta amaitzeko minutu baten faltan Joan Ander Zapiainek bere bigarren entsaioa lortu zuen eta Arizetak gauzatu zuen azken 7-26koa jarriz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!