Arrimu programak 81 pertsona artatu ditu Hernanin 2022. urtetik

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 3a, 00:00

Eider Mendoza Arrimu programan dauden gazte batzuekin.

18-25 urte bitartekoak dira eta adikzio-kontsumoak dituzte. 2022an jarri zen martxan programa eta familiek ere parte-hartze aktiboa dute.

 

Substantzia estupefazienteen edo nahaste mentalen kontsumo aktiboak zituzten 18 eta 25 urte bitarteko 81 gazteri eman zaie arreta Hernanin, Gizakia Helburuko (Proyecto Hombreko) Arrimu programaren bidez, 2022an abian jarri zenetik. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du oso-osorik, 89.177 eurorekin urtean, eta, gainera, gazte horien 60 senideri eman die laguntza, foru erakundeak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Arrimu programan artatutako pertsonak 22 urteko batez besteko adina duten gazteak dira. Delinkuentziarekin, ikasketak eta lana uztearekin, osasun mentaleko nahasmenduekin, arriskuko sexu-jokabideekin, drogen kontsumoarekin eta bulkadak kontrolatzeko eta indarkeria kudeatzeko zailtasunekin lotutako hainbat arazori aurre egiten diete.

 

40 urtetan eman da «zerbitzu eredugarria» Hernanin

Horietako gehienak, 71, gizonezkoak dira; 9, berriz, emakumezkoak, eta guztiek betetzen dituzte ezinbesteko baldintzak: mendekotasun-arazo bat izatea, nolabaiteko borondate-maila erakustea eta plan terapeutiko bat adostea onartzea. Horretarako familien garrantzia ezinbestekoa izaten da.

2022ko abenduan sortu zenetik, Arrimu programak espazio terapeutikoa eskaini du Hernaniko Gizakia Helburu eguneko zentroan eta anbulatorioko arretan. Gizkaia Helburuk 40 urte bete ditu dagoeneko Hernanin.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Hernaniko instalazioetan izan ziren pasa den astean.

Bisitan zehar, Gizakia Helburuko zuzendaria, Izaskun Sasieta, izan zuten lagun, eta hurbiletik ezagutu zituzten bertan eskaintzen diren zerbitzuak; era berean, programak, erabiltzaileen esperientziak eta talde profesionalaren bizipenak ezagutzeko aukera izan zuten.

Eider Mendoza diputatu nagusiak esan zuenez «zerbitzu eredugarri honen bidez erantzun integrala eskaintzen zaie errealitate oso konplexuei aurre egin behar dieten gazteei. Gizarte gisa ezin diegu bizkarra eman errealitate horiei, pertsona horiei, familia horiei, babesa, zaintza, laguntza eta itxaropena behar baitute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!