Ikusmen urritasuna dutenentzako arte erakusketa osatu du Aratz ikastolak

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 1a, 00:00

Aratzeko DBH4ko eta LH2ko ikasleek osatu dute 3D erakusketa, eta martxoaren 7an egongo da ikusgai Hernaniko Biteri Kultur Etxean.

Ikusmen urritasuna duten pertsonek ere arteaz gozatzeko erakusketa antolatu dute Aratz ikastolako ikasleek. DBH4ko eta LH2ko ikasleek osatu dute erakusketa, eta ikusgai izango da martxoaren 7an, Hernaniko Biteri Kultur Etxean. 

Ikaskuntza Zerbitzu  proiektuarekin, Aratzeko ikasleek aukera izan dute ikusmen urritasuna duten pertsonen azalean jartzeko. Ikastolak dioenez, proiektuaren bitartez berdintasunaren indarra eta garrantzia azpimarratu nahi dituzte. 

Erakusketa ikusteko aukera egongo da martxoaren 7an goizeko 10:00etatik 12:00etara, Biterin. «Arteaz baliatuz, ikusmen urritasunaren munduan dauden zailtasun eta parekotasun ezak erakutsi eta berdintasunerantz pausotxo bat emanaz», diote.

Alde batetik, DBH4ko ikasleek historiako artelan famatu batzuk berregin dituzte, eta bestetik, ikasleen diseinu propioak ere erabili dituzte. Hiru dimentsiotan sortutako artelanak dira, ikusmen urritasuna duten pertsonek ukitu, ulertu eta gozatu dezaten, hala azaldu du ikastolak. QR kodigoak irakurriz gero, arte lanaren deskribapena ezagutzeko aukera ere izango da.

Bestalde, erakusketaz gain, ikastolako zenbait eremu Braille hizkuntzan identifikatu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!