Hernaniko eta Donostiako Urbieta kaleak ezagunak dira hernaniarrentzat, ez horrenbeste Madrilgo Erretiro distritoan eta Bilbon dauden Juan de Urbieta kaleak. Baina nor zen Juan Urbieta, eta zergatik egin zen ezaguna hiri eta herri ezberdinetan kaleak eskaintzeko? Beñi Agirre historialari hernaniarrak emandako informazio eta datuetatik abiatuta osatu dugu bere biografia xumea.
Juan Berastegi eta Lezo, Urbietakoa, ez dakigu noiz eta non jaio zen, ezta ziur Hernanin izan zenik ere. Dakiguna da Hernaniko San Joan Bataitzailaren Parroki elizan hilobiratu zutela, bertan dagoen plakak adierazten duenez. 1553ko abuztuaren 23an hil omen zen Hernanin.
Bere izena gaur egunera arte zergatik iritsi den jakiteko, 1525garren urtera egin behar dugu atzera, historiara. Urte horretan, orain 500 urte, Paviako guduan (gaur egungo Italia iparraldeko hiria da Pavia) izan zen gertaera baten ondorioz pasa da historiara Juan Urbieta. 1525garren urteko otsailaren 24an, hernaniarrak Frantziako Frantzisko I.a erregea atzeman eta preso hartu zuen Paviako gudu hartan. Joan den astelehenean bete zen bosgarren mendeurrena.
Frantziako Frantzisko I.a eta Inperio Sainduaren Karlos V.a enperadorearen arteko gerran, erabakigarria izan zen Paviako bataila. Germaniako Erromatar Inperio eta Gaztela eta Aragoiko Koroaren eskuetan zegoen lurralde hura. Gerra jokoan zeuden Erromatar Santuko enperadorea, baita Espainia, Austria, Behe Herrialdeak eta Bi Sizilietako agintariak ere.
Aurretik, Frantziako armadak hasi zuen Paviako setioa 1524ko urrian, Mailanerriak eta Italia eskuratzeko gerran, 26.200 soldadurekin. Karlos V.ak, setioa hausteko asmoz, 22.300 soldaduz osatutako laguntza-indarra bidali zuen Paviara. Azkenean, 1525eko otsailaren 24an jokatu zen gudaldi erabakigarria.
Gudua Mirabello di Paviako Visconti Parkean jokatu zen, parkearen harresietatik bi aldetara, eta Ticino ibaitik oso gertu. Lau orduko guduan, Frantziako armada zatitu eta garaitua izan zen. Frantziako eta Nafarroako noble nagusi asko hil zituzten tropa espainiarrek eta haien aliatuek. Beste batzuk, berriz, Frantzisko I.a bera eta Nafarroako Henrike II. Zangozarra tartean, preso hartu zituzten. Francesco Guicciardini historialariak honela laburbildu zuen Frantziako erregea preso hartu zutenekoa:
«Erregeak (Frantzisko I.), oso ausart ari zen arren, etsaiaren kolpea jasan zuen. Karlos V.aren alemaniarrek erraz apurtu zituzten suitzarrak, sarraski haundia eraginez. Egun hartan, frantsesen ausardiak ez zuen batere zerikusirik aurreko guduetan erakutsitako ausardiarekin. Erregea, bitartean, bere gizon askorekin aurrez aurre borrokaren erdian zegoela, bere gizonen ihesa geldiarazten ahalegindu zen. Borroka luze baten ondoren, Erregea erasoan zela, bere zaldia hil zuten, Erregea aurpegian eta eskuan zaurituta; eta lurrera erorita, berak ezagutu ez zituen soldadu batzuek preso hartu zuten».
Juan Urbietakoak eta beste hiru soldaduk, Erregea harrapatzeko ohorea
Zoriak edo txiripak hala nahi izan zuelako, hura harrapatzeko ohorea eurentzat hartu zuten Karlos V.aren alde ari ziren lau soldaduk: Alonso Pita da Veigak, Juan Urbietakoak, Diego Dávilak eta Joan d'Aldamak. Hasieran ez zuten Erregea ezagutu, baina haren janzkera nabarmenari susmoa hartuta, gutxi falta izan bazen ere, Erregea ez zuten bertan hil, beste noble askori, Nafar erregearekin ari zen Ollokiko Jaunari esaterako, gertatu zitzaien bezala. Frantzisko I.a Frantziakoa, Antonio de Leyva Paviako Gobernadorearen aurrean errenditu zen.
Historiak Juan de Urbieta aitortzen du Frantziako erregea preso hartu zuen pertsona gisa, Koroak beharrezko sariak ematea erabaki zuenean onartu zuen bezala; baina kronikagilerik ez zen falta izan Diego Dávilak, Alonso Pitak eta Joan d'Aldamak egindako demanden berri emateko, erregearen atxiloketaren ohorea beretzat eskatzen baitzuten.
Nahastearen arrazoia, Juan de Oznayo jaunak gertakariei buruz idatzitako bertsioan aurkitzen dugu berriro. Gizon horren arabera, Juan Urbietakoak bere presoari ezpata lepoan jarri zionean, nor zen jakin gabe, presoak, bere burua hiltzeko arriskuan zegoela, «Bizitza, erregea naiz» esan zion. Inguruko dorre batean espetxeratu zuten, eta gero Madrilera eraman. Juan Urbietakoa joan zen Frantziako erregea Madrilera eraman zuen soldadu taldearen laguntzaile.
Aitortza eta ordainsaria
Juan Urbietakoak ospea eta ohorea lortu zituen Frantziako Frantzisko I.a Madrilera eraman zuenean. Karlos Enperadoreak armarri bat diseinatu eta oparitzeaz gain, bere merituak egiaztatzen zituen agiria eman zion. 'Zalditeriako ofizial maila' aitortu zitzaion, eta Santiagoko zaldun tituluak lortu zituen. Aldi berean, Frantziako Frantzisko I.ak eskutitz bat idatzi omen zion gudu hartan, errendizioa onartu eta bere bizia errespetatzeagatik eskerrak emanez, hari esker bizirik iraun zuelako.
1553ko abuztuaren 22an hil zen Juan Urbietakoa Hernanin, jaio omen zen herri berean. Bere testamentu edo azken nahietan eskatu zuen bezala, San Joan Bataiatzailearen parroki elizaren barruan lurperatu zuten. Hala ere, bere aztarnak Frantziako soldaduek deshobiratu zituzten Espainiaren eta Frantziaren arteko Independentzia gerran, 1813an, frantsesak Hernanitik pasa zirenean.
Nafarroako Erresumako erregeak, Henrike II.ak, Pavian borrokatu zuen Frantzisko I.a koinatuarekin
Paviako gudua baino 10 hilabete lehenago, 1524ko apirilaren 29an, Karlos V.a Habsburgokoren esku erori zen Hondarribia. 12 urte lehenago Gaztelako Fadrique Alvarez de Toledo, Albako II. Dukea, buru zuen ejertzitoa Iruñean sartu zen, eta Nafarroa Garaia konkistatu zuen. Espainiako alde guztietako jendez osatutako tropa zen berea, tartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jendea zela. Ez da ahaztu behar, probintzia horiek Gaztelaren pean zeudela 1200. urteaz geroztik.
Hala ere, Nafarroako Erresumak bizirik jarraitzen zuen gaurko Nafarroa Beherean. 1525eko urte horretan, Zangozan jaiotako Henrike II.a Albretekoa zen Nafarroako erregea, Frantziako Frantzisko I.aren arrebarekin ezkonduko zena. Frantziakoa eta Nafarroakoa, bi erregeak, koinatuak ziren, eta 1525ean elkarrekin aritu ziren Pavian, Karlos V.aren kontra.
Zer gertatu zen Nafarroako Erregearekin?
Paviako bataila horretan bertan, Nafarroako Erregea ere harrapatu egin zuten. Habsburgotarren aldeko garaipenak Europako joko zelai politikoa irauli egin zuen. Nafar Erresumak Pirinioen iparraldean bizirik jarraitzen zuela ikusita, Espainiako tropa inperialek Henrike II.a atxilotu eta preso sartu zuten. Egoera hori aprobetxatu zuten espainiarrek Nafarroa Beherea berriro erasotzeko.
Henrike II.a Zangozakoak bahituta zegoeneko Paviako gaztelutik ihes egitea lortu zuen, 1525eko abenduan bahitzaileei ordaindu ondoren, eta bere gizonen laguntzarekin.
Azkenik, 1529ko Cambraiko bakearekin, guda garaia amaitu egin zen. Aurrerantzean, Henrike Zangozarra, Nafarroa Garaia berreskuratzeko itxaropenik gabe, Nafarroa Beherea antolatzen saiatu zen. 1530ean, ezinak eta arrazoi politiko-estrategikoak zirela medio, Karlos Habsburgokoak alde batera utzi zuen, behin betiko, Luzaidetik iparraldera konkistatutakoa. Nafarroa Behereak independente eta libre jarraituko zuen.
Donapaleun erresuma buru jarrita, Donibane Garazin eta Bastidan bilduko ziren Nafarroako Estatu Nagusiak.