«Poesia xuxurlatzea hain da intimoa, oso fina izan daitekeela plazera edo mina eragitearen arteko marra»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 1a, 00:00

Celeste Agüero eta Garazi Basterretxea, elkarri poesia xuxurlatzen, tutu bat baliatuz.

Poesia xuxurlatua lantzeko tailerra eskainiko dute Garazi Basterretxeak eta Celeste Agüerok, martxoaren 7an Kulturarteko Plaza Feministan, Jabetze Eskolaren baitan. Nabarmendu dute «opari gisa» hartu behar dela xuxurla, eta «hunkitzeko predisposizioa» eskatzen duela.

Oso berezia da martxoaren 7rako prestatu duten saioa, Emakumeentzako Jabetze Eskolaren baitan: Poesia xuxurlatua lantzeko tailerra eskainiko dute Garazi Basterretxeak eta Celeste Agüerok, Kulturarteko Plaza Feministan, 17:30etatik 20:00etara. 

Frantzian sortu zen poesia xuxurlatua 2001ean, Les Soufflers antzerki taldearen eskutik; eta oso ohikoa da Latinoamerikan, Mirta Colangelo xuxurlariak praktika hura ezagutu eta bereziki Argentinan zabaldu ondoren. Ez da horren ezaguna gurean, oraingoz.

«Poesia xuxurlatua da poemak transmititzea kartoizko tutu baten bitartez, pertsona baten ahotik beste baten belarrira», azaldu diote Basterretxeak eta Agüerok Kronikari: «Tutuak lortzen du mezua zuzenago iristea, eta aldi berean, gorputzen artean distantzia bat sortzea. Horrela, ez da hain inbasiboa, soilik eskua jarrita belarrira xuxurlatzea bezala». Izan ere, 1,2 eta 1,5 metro bitartekoak izan ohi dira tutuak.

«Edozeinek xuxurlatu dezake, baina badaude oinarrizko teknika batzuk horretarako»

Poemen xuxurla bi lagunen artean gauzatu arren, «praktika kolektiboa» izaten dela nabarmendu dute, espazio publikoan egiten dena: «Xuxurlatzaile talde bat elkartzen gara, tutuak gure erara prestatuta eta apainduta; eta joaten gara kalera, plazara, eskoletara edota liburutegira, bertakoei poemak xuxurlatzera».

Horren aurreko lanketa da KPFko ikastaroan jorratuko dutena: «Partehartzaileak prestatuko ditugu, ondoren gai izan daitezen bere kaxa xuxurlatzeko. Tutuak guk eramango ditugu, saio bakarrean ez duelako denbora ematen horiek prestatzeko; eta entzumen saio bat egingo dugu aurrena, bertatik bertara ezagutzeko zer den poesia xuxurlatua. Gaur egun, ikusmenari ematen zaio garrantzia gehien, eta inportantea da entzuten jakitea ere. Ondoren, xuxurlatzeko prestaketa egingo dugu, gorputza bera prestatuz, xuxurlatuko ditugun poemak aukeratuz eta partekatuz, ahozkotasuna eta ahotsa landuz... Edozeinek xuxurlatu dezake, baina badaude oinarrizko teknika batzuk».

Izan ere, azaldu dute kontu haundiz landu beharreko transmisioa dela poesia xuxurlatuarena: «Poemak xuxurlatzean, entzuleak konfiantza dauka zugan. Botere posizio batean zaude, eta hain modu intimoan eta zuzenean iritsita entzulearengana, oso marra fina dago plazerezko esperientzia bat izatearen eta hitzekin mina eragitearen artean».

Horregatik diote, «oso garrantzitsua» dela poemak ondo hautatzea: «Opari gisa hartu behar dugu xuxurla, modu intimo eta zuzenean datorrena. Hunkitzeko predisposizio bat dakar berekin, eta beraz, oso kontuz landu behar da».

Poemen hautaketa hori, testuingurua kontuan hartuta egin ohi da: «Ez da gauza bera xuxurlatzea eskolan, autobus geltoki batean, egun seinalatu batean... Poema sorta anitza daukagu, eta testuinguruaren arabera aukeratzen ditugu. Tailerretan, poema atseginak hautatu ohi ditugu, eta ez hain sakonak, zauriak edo minak azaleratu ditzaketenak».

«Ohikoak ez diren artista eta idazleen ahotsak ekarriko ditugu tailerrera»

Antiarrazista eta feminista izango da tailerra, eta hain juxtu, poemen aukeraketak markatuko du ildo hori: «Ohikoak ez diren artista eta idazleen ahotsak ekarriko ditugu. Bada poesia bat, eskolan erakutsi zigutena, bere metrika jakinekin eta errekurtso estilistikoekin. Baina bada beste poesia bat ere, eta poeta marjinal horiei eman nahi diegu ahotsa. Beti pentsatu izan da poesia dela zerbait zaila, ulertzen ez duguna, hitz arraroekin... Poesia bada hori, baina baita askoz gehiago ere. Eta tailerrean, jolaserako aukera topatuko dute partehartzaileek, poemen aukeraketaren bitartez», aurreratu dute.

Gainera, nabarmendu dute antiarrazismoaren parte badela «elkar begiratu eta entzutea ere», eta xuxurlak jartzen duela norbera «horretarako predisposizioan. Mundua zarataz josita dago, eta oso garrantzitsua da zarata horiek guztiak itzali eta ondokoak esan nahi diguna entzutea».

Bide luzea egin dute tailerreko bi irakasleek, poesia xuxurlatuaren arloan. Celeste Agüero 21 urterekin hasi zen xuxurlari, Argentinan. «Tailerrak eskaini nituen espazio ezberdinetan, Color Susurro taldeko kideekin batera: eskoletan, liburu azoketan, unibertsitateetan... Oso esperientzia indartsuak bizi izan nituen garai hartan; esate baterako, Martxoaren 8 batean, emakumeen espetxera joan ginenekoa, poesia xuxurlatzera. Ahaztezina izan zen, guretzat eta presoentzat». Ia zazpi urte daramazki Euskal Herrian bizitzen, eta Kilimar Xuxurlak taldearekin «bide polita» egin dute orain arte.

Talde horretako kide da Garazi Basterretxea ere. Euskal Filologia ikasi zuen berak, literaturarekiko interesa zuelako; eta garai hartan, «desenkatatua» zegoen ohiko poesiarekin. 2015ean ezagutu zuen poesia xuxurlatua, lagun baten bitartez, Txilera, Argentinara eta Uruguayra egindako bidaia batean. Orduan ezagutu zuen Celeste bera ere. Orain, xuxurlari eta irakasle aritzeaz gainera, poesia xuxurlatuaren praktika ikertzen ari da, antropologia feministatik. Zentzu horretan, kontatu du «asko eragin» zion bizipen bat izan zuela Argentinan: Martxoaren 24koa. «Egun horretan, gogora ekartzen dute Argentinako azkeneko diktaduraren estatu kolpea, eta bi xuxurlari talde joaten dira manifestaziora, beraien tutuekin. Ixkin batean jartzen dira, eta poemak xuxurlatzen dizkiete, besteak beste, hildakoen eta desagertuen senideei. Oso gogorra eta polita iruditu zitzaidan aldi berean, eta asko hunkitu ninduen».

Izenematea oraindik zabalik, tailerrerarako

Doakoa izango da poesia xuxurlatua lantzeko tailerra, baina izena eman behar da aldez aurretik. Martxoaren 5era arte dago epea zabalik: kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera idatzita, edo 945 33 70 17 telefonora deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!