Euskal Ligako semifinala gaur, Osesek eta Zugastik

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 1a, 00:00

Villabonan jokatuko dute hernaniarrek, 11:00etan, Behar Zanako Otaegiren eta Caballeroren kontra. Kadete mailako finalerako txartela dago jokoan.

Ligaxkan maila bikainean aritu ondoren, Euskal Ligako semifinala jokatuko dute Ekhi Oses eta Lier Zugasti hernaniarrek, gaur goizean. Villabonan ariko dira, 11:00etan hasita, Behar Zanako Otaegiren eta Caballeroren kontra. Kadete mailako finalerako txartela dago jokoan.

Txapelketa ederra osatu dute hernaniarrek orain arte, eta B multzoko bigarren izan dira ligaxkan, Aurrera B liderrarekin berdinduta: sei partidu irabazi dituzte, eta bakarra galdu. Hori horrela, A multzoko liderraren kontra jokatzea tokatu zaie semifinaletan, Behar Zanaren kontra. Garaipena lortuz gero, Euskal Herriko txapelaren lehian ariko dira, beste semifinaleko irabazlearen kontra: Aurrera A edo Aurrera B izango dira aurrez aurre, horretan.

Hodei Exposito Bilbon gaur, eta Ekain Lizeaga Gasteizen bihar

Profesionaletan, bestalde, atzo iluntzean jokatu zuen Iker Salaberria goizuetarrak, Andoni Gaskuerekin, promozioko bigarren mailako partidua. Asteburuan, berriz, Hodei Exposito eta Ekain Lizeaga astigartarrek jokatuko dute partidu bana, txapelketatik kanpo. Exposito Bilbon ariko da gaur 17:15etan, Aldaberekin, Agirreren eta Elizegiren kontra. Eta Lizeagak Gasteizen jokatuko du bihar 17:15etan, Larrazabalekin, Daríoren eta Eskuzaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!