Palarekin bi hitzordu garrantzitsu izango ditu Hernanik, gaurkoan. Batetik, herrian bertan jokatuko dira Euskal Herriko Elite Txapelketako semifinalak, arratsaldeko 17:00etan hasita, kiroldegiko frontoian. Puntako bi partidu jokatuko dituzte, finalerako txartelaren bila. Aurrenekoan, Martin-Ardanaz eta Zulaika-Ruiz de Azua bikoteak ariko dira elkarren kontra; eta bigarrenean, Salanueva-Eizmendi eta Murillo-Diez bikoteak izango dira aurrez aurre.
Ikaztegietan izango da beste hitzordua; kasu honetan, palista hernaniarrak protagonista direla. Izan ere, Euskal Herriko Irekiko semifinalak jokatuko dituzte bertan, lehenengo mailan; eta bietan izango da herritarrik, arratsaldeko 16:00etan hasita. Aurrenekoan, Ane Kerejetak eta Nahia Eizmendik jokatuko dute, Intxurreko Muruaren eta Olanoren kontra. Eta bigarrenean, Enara Macicior ariko da, Errekako Alavarekin batera, Elorrioko Larrazaren eta Inunciagaren kontra. Finalerako txartela lortu nahi dute bi bikoteek gaurkoan, biak ere ligaxkan multzoburu izan ondoren.