Bere bigarren liburua kaleratu berri du Damian Pedrosa Barbá hernaniarrak: 'Abrazos entretejidos'. Bertan, lau hamarkadatako bizipenak kontatzen ditu, jatorriz argentinarra den idazleak; Hernanira bizitzera etorri zenetik, gaur egunera bitartekoak, hain zuzen ere.
Bere esperientzia pertsonaletik aritu da Pedrosa liburuan, pertsonaia nagusiari Daniel izena eman dion arren. «Hernaniko migrante baten bizipenak bildu ditut liburuan. Hortaz, tartekatzen dira gizarteko konpromisoak eta ekintza kulturalak, herrian azkeneko lau hamarkadetan eman direnak. Esate baterako, San Joan jaietan sorgin dantza berreskuratzea, Molotoff irrati librea sortzea, Amher elkartearen jarduna, Kale Literatura taldeak antolatutako irakurraldiak...», azaldu dio Damian Pedrosak Kronikari. Filosofia irakasle gisa izandako esperientziak ere jasotzen dira liburuan, eta baita herriko politikan parte hartu zituenekoak ere. Izan ere, Pedrosa 28 urtez izan zen Batxilergoko filosofia irakasle gurean, eta ondoren Hernaniko Udaleko zinegotzi, EH Bildurekin, Politika Sozialetako batzordearen lehendakari gisa.
Liburuan zehazten da, era berean, protagonista errefuxiatu politikoa izan zela, eta bahiketa eta kartzela pairatu zituela.
Liburua salgai, Herrilurren eta Plazako Estankoan
Liburu autoeditatua da 'Abrazos entretejidos', Pedrosak bere kaxa argitaratutakoa. Hori horrela, momentuz Hernaniko bi dendatan jarri du salgai: Herrilurren dendan (Izpizua kalea 13), eta Plazako Estankoan. 10 euroan dago eskuragarri, eta nahi duenak, Pedrosaren aurreneko liburua ere eskuratu dezake bi dendetan: 'Almarión, historias arrancadas al olvido', 2009an argitaratutakoa. Azkeneko ale batzuk besterik ez dira geratzen, eta 5 euroan dago salgai.