L'Hospitaletera, aurreneko garaipenaren bila: «Ikusi dugu lehiakor izan gaitezkeela elite mailan»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 1a, 00:00

Hernaniko eta Las Rozaseko jokalariak, mele baterako prestatzen, aurreko igandean Landaren.

Igoera faseko bigarren partidua jokatuko du Hernanik bihar, 12:00etan, L'Hospitaleten zelaian: «Aurreneko partiduak, galdu arren, konfiantza eman dio taldeari, Industriales bezalako talde bat hain estu hartuta», nabarmendu du Jon Ander Zapiainek.

Atzean utzi du Hernanik, joan den igandean Landaren jasotako kolpe gogorra: azkeneko minutuetan egin zion ihes garaipenak, igoera faseko estreinako partiduan, Ingenieros Industriales Las Rozasen kontra. Porrota ahaztuta, sentsazio onekin geratu dira trikoloreak, eta aurreneko garaipenaren bila joango dira L'Hospitaletera. Bihar jokatuko dute bigarren partidua, eguerdiko 12:00etan, L'Hospitaleten kontra.

Oso baikor dira hernaniarrak, igoera faseko beste zazpi partiduei begira: «Nahiz eta garaipena ez lortu, ondo etorri zaigu Industrialesen kontrako partidua, ikusteko gai garela elite mailan borrokatzeko», nabarmendu du Jon Ander Zapiainek: «Joan den urtean igoera faseko semifinaletara iritsi zen Industriales, eta guk estu hartu genuen bukaerara arte. Halako talde baten kontra lehiakor aritzeak, konfiantza eman dio taldeari. Datozenei gauzak zail jartzeko moduan izango gara».

Biharkoa dute aurreneko aukera horretarako. «Oso partidu gogorra» izango dela uste du Zapiainek, eta ezin asmatu dezakete zein joera hartuko duen lehiak, «oso talde ezberdinak» baitira L'Hospitalet eta Hernani: «Esperientzia haundiko taldea da haiena, jokalari heldu askorekin; eta aurreko lerroan oso jokalari haundiak dauzkate, indartsuak. Gu, berriz, oso talde gaztea gara, eta joko azkarrean moldatzen gara hobeto».

«Gogotsu» joango dira triko­loreak, «ikusita elite mailan bo­rrokatzeko gai garela». Garaipe­na lortzeko, badakite zer daukaten hobetu beharra, aurreko igandeko partidutik: «Lehenengo zatian ez ginen nahikoa erasokorrak izan, eta eraginkorragoak izan beharra daukagu azkeneko 22 metroetan. Bigarren zatian, berriz, oso ondo hasi arren, gerora nekea nabaritu genuen defentsan. Bukaerara juxtu xamar iritsi ginen fisikoki».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!