Asteburu gazi-gozoa Donostian, Batel Ligako jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 27a, 00:00

Hernaniko neska jubenilek lidertza galdu zuten bigarren ziabogan kateatuta geratu ondoren, denborarik onena egiten ari zirenean.

 

Pasa den asteburua gazi-gozo xamarra izan zen Hernaniko Arraun Elkartearentzat. Gipuzkoako Batel Ligako bosgarren jardunaldia jokatu zuten Donostian, Mundaiz eta Maria Kristina zubien artean. Arraunlari hernaniarrek estropada onak osatu arren, zorteak izkin egin zion arraun elkarteko ontzi pare bati.

Hala baloratu du neska infantilen eta promesen estropada Axier Martinek, haien entrenatzaile denak, Erik Gonzalezekin batera: «Neska infantilen estropadan, ondo hasi ziren, eta bosgarren ziren ziabogan; baina helmugaratzean nahastu, eta lehiatik kanpo geratu ziren. Pena. Hala ere, denbora ona egin zuten, eta hori da jarraitu beharreko bidea».

Neska promesei dagokiene­an, Martinek azaldu duenez, «estropada guztian zehar San Juan, Tolosaldea eta Zumaiarekin nor baino nor ibili ziren, baina azkeneko luzean ezin izan zuten aurrea hartu, eta hirugarren amaitu zuten. Azpimarratzekoa da, gure arraunlariak aldea jaten ari zaizkiela beste ontziei. Pozik gaude egindako lanarekin». Gainera, lidertzari eutsi dio Hernanik, bi puntuko alderarekin.

Neska jubenilek, berriz, lidertza galdu zuten Donostian, ziabogan kateatuta geratu ondoren. Honela laburbildu du estropada Asier Ocon entrenatzaileak: «Hasiera, bikaina izan zen, eta aurreneko ziabogan lehenak izan ginen. Bigarren luzean estropada buruan gindoazen, baina bigarren ziaboga ematerako orduan, ontzia lokarri batekin kateatuta geratu zen, eta ondorioz, aukera guztiak galdu genituen; bai estropada irabaztekoa, eta baita lidertzari eustekoa ere». Seigarren izan ziren Donostian, eta sailkapen nagusiko laugarren postuan daude orain, Hibaika liderra hiru puntura dutela.

 

Hurrengo estropada ere Donostian, etzi

Berriz ere Donostian izango dute estropada asteburu honetan: etzi arratsaldeko 15:45etan, Urumea ibaian. «Ziur gaude, orain arteko maila bikaina emango dutela gure arraunlariek berriro».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!