Hernaniko Udalaren astearteko Plenoan aurkeztutako puntu guztiak onartu ziren, nahiz eta oraingoan ez ziren denak aho batez onartu. Puntu nagusien artean, 2025-2026 ikasturteko tasen onarpena jarri zen mahai gainean. Lehenik, tasen ordenantzaren aldaketa onartu zen. %3,6 igotzea onartu zen, EH Bilduren eta Podemosen babesarekin.
Xabier Lertxundi alkateak azaldu zuenez, «azken urteetako irizpidea jarraituz» proposatu zuten «KPIaren araberako igoera aplikatzea. 2024an KPIa %3,6 igo da, eta neurri horretan igoko dira tasak honakoetan: Musika Eskolako ikastaroak, Kantuz musika eskolakoak, kultura sailak antolatzen dituen ikastaroak, Udal Euskaltegiak antolatzen dituenak, kiroldegiko ikastaroak, eta Ereñotzun antolatzen direnak». EAJk aurka bozkatu zuen, «ez dugulako ulertzen zergatik dagoen aldea Ereñotzun eta Hernanin antolatzen diren ikastaroen artean», Andoni Amonarraiz bozeramaileak adierazi zuenez.
2025-2026 ikasturteko prezio publikoen ordenantzaren aldaketa ere boto banaketa berarekin onartu zen: EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoekin eta EAJ-ren aurkakoekin. Hemen ere igoera %3,6koa izango da. Haur-eskolako jangelan du eragina igoera honek, baita Jabetze Eskolen prezio publikoan ere. «Orduko euro bateko prezio sinbolikoa mantenduko da Jabetze Eskoletan», azpimarratu zuen Lertxundik. Amonarraizen ustez, «langile askok %2,5eko igoera izango dute aurten, eta %3,6koa haundiegia iruditzen zaigu».
Aho batez onartu zen Hernaniko Udalak Burujabetzen Etxeko eta Kulturarteko Plaza Feministako lokalak dohainik uztea Ede Fundazioari, Emaktiva gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu esperimental eta berritzailearekin jarraitzeko.
Langile batzordeak desadostasuna, urte sabatikoaren neurriarekin
Aho batez onartu zen urte sabatikoari zegokion puntua. 2024an urte sabatikorako bi modalitate onartu zituen Udalak: bata urte sabatiko arrunta deitzen zaiona, eta bestea belaunaldi arteko erreleboa deitzen zaiona. Txosten teknikoaren arabera, legezkoa da udal batek urte sabatikoa bezalako plana izatea neurri asistentziala delako eta ez erretributiboa, Komitearekin adostutakoa. Udaleko langile batzordeko ordezkariak hartu zuen hitza, eta erabakiaren aurka agertu zen, «murrizketa bat» dela argudiatuz. Xabier Lertxundi alkateak erantzun zion, «segurtasun juridikoa bilatzeko neurria» dela, «eta ez murrizketa».
Gasteizko eta Hernaniko musika eskola publikoen arteko hitzarmena ere onartu zen aho batez, «lan poltsa haunditzeko eta kontratazio arazoak ez edukitzeko», Axier Mingo zinegotziaren esanetan.
Era berean, aho batez onartu zen Galarretako bide sistema orokorra eta zerbitzuetako hartune orokorrak eraikitzeko bigarren fasea, eta baita obra horren kontratazioa ere, Sestra Ingenieria eta Arquitecturak idatzi duen proiektuarekin bat etorriz.
Plenoaren hasieran, bestalde, 2025 urteko ordenantza fiskalen aldaketa onartu zen, EH Bilduren eta Podemosen babesarekin, eta EAJren aurkako botoekin. Irailean onartutakoan inkongruentzia batzuk detektatu zituzten, eta berriz ere eraman zituzten Plenora, zuzenketak egiteko. Bi aldaketa egin dira: bat obren eta instalakuntzen ingurukoa, eta bestea espazio publikoa erabiltzeko tasari dagokiona.
PSE-EEk ez zuen ordezkaririk izan Plenoan, bere bi zinegotziek ezin izan zutelako bertaratu.