Lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Hernaniko Udalak eta Hernani Burujabeko Bidea herritar taldeak. Udalak azaldu duenez, 50.000 euro eman dizkio elkarteari «tokiko garapena eta herritarren burujabetza sustatzeko». Urtebeterako sinatu dute akordioa, Hernani Burujaberen baitan egiten duen lanean sakontzen jarraitzeko.
Udalak uste du Bidearekin batera elkarlanean aritzeak eragin positiboa izango duela herritar guztiengan, eta hori dela-eta, interes orokorrekotzat jo du hitzarmen hau: «Hernani Burujabe tokiko garapena eta herriaren burujabetza sustatzen dituen heinean, Bideak proiektuaren barne dauden ekintzak dinamizatzea eta antolatzea du helburu eta horrek ekarpen zuzena egiten die bai partaidetza indartzeko prozesuei, bai herritarren interes orokorrari».
Hernaniko Udalak hainbat arrazoirengatik erabaki du dirulaguntza zuzena ematea elkarteari: Bidea irabazi asmorik gabeko elkartea izatea eta antzeko funtzioak egiten dituen bestelako talde edo elkarterik ez egotea da arrazoi nagusia: «Hernani Burujabe osatzen duten sektoreetako kideek Bidea Burujabetzen aldeko herritarren taldea sortzeko beharra ikusi zuten 2021eko urrian eta 2023-2024 urteotan zehar herritar ekintzaile talde hau eratzea eta kontsolidatzea lortu dute. Hori dela eta, herrian proiektuaren ezagutza sakonagorik eta antzeko zeregin eta funtzioak betetzen dituen elkarterik ez dago».
«Plan estrategikoaren helburuak betetzen ari da»
Horrez gain, udalak aintzat hartu du modu horretan tokiko enplegua sustatzen duela eta komunitatearen garapenean laguntzen duela, ekonomia sozial eraldatzailearen balioak dituen elkarte bati ematen diolako dirulaguntza.
Zehazki, hitzarmen hori bideratuz, udal dirulaguntzen plan estrategikoaren hainbat lerro eta helburu betetzen ari dela uste du udalak: hernaniarren bizi kalitatea eta gizarte ongizate mailak igotzea, arreta berezia jarrita zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboengan; gizarte parte-hartze aktiboa bultzatzea, emakumeen esku hartze soziala haunditzeko neurriak hartuta; herritar guztien bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko neurriak sustatzea; udalerriko jarrera ekintzailea dinamizatzea; eta, azkenik, auzoetako bizigarritasun baldintzak hobetzea.
Azken finean, Hernaniko sare komunitarioa eta herritarren ahalduntze kolektiboa bultzatzea da udalaren asmoa hitzarmen honekin.
50.000 euro horiekin Bidearen jarduera ziurtatuko da: bi pertsona kontratupean lanean izatea eta taldeak egiten dituen lan guztiak bermatzeko.
Bidea herritar taldeak auzo batzarrak dinamizatuko ditu martxoan zehar
Bidea herritar taldeak Hernani Burujabek antolatuko dituen auzo batzarrak dinamizatuko ditu martxoan zehar. Bigarren urtez, auzoetara gerturatuko da Hernani Burujabe, elkarlanerako deia luzatzeko. Horretarako, auzo batzarrak egingo ditu zazpi auzotan: Etxeberrin, Antziolan, Karabelen, Zikuñagan, Latsunben, Lizeagan eta Kaxkoan.
Egutegia ondorengoa izango da: Martxoak 3, Florida eta Etxeberri: Etxeberriko Auzokide auzo elkartean; Martxoak 6, Antziola: Zelabide auzo elkartean; Martxoak 10, Karabel eta Portu: Karabelgo Belkara auzo elkartean; Martxoak 17, Zikuñaga, Osiñaga eta Martindegi: Zikuñagako auzo elkartean; Martxoak 20, Sorgintxulo, Latsunbe, Galarreta eta Jauregi: Latsunbeko Iturritxo auzo elkartearen egoitzan; Martxoak 24, Lizeaga, Santa Barbara, Elizatxo eta Txantxilla: Urumea ikastolan; Martxoak 27, Kaxkoa eta erdigunea: Biteri kultur etxean.