Sasoi ederrean dago Hernaniko Euskal Ligako mutilen taldea. Udapa Jatorkideko seniorrak mendean hartu zituen larunbatean Hernanik (2-3), eta beste behin erakutsi du igoera fasera sailkatzeko hautagai sendoa dela.
Partidu erabakigarria zen Gasteizkoa, denboraldiko garrantzitsuenetakoa. Sailkapeneko goiko postuetan zeuden bi taldeak, eta garaipenarekin berdinduta geratu dira Udapa Jatorkide eta Hernani. Bi taldeek 50 puntu dauzkate, eta Navarbolei liderrarengandik hiru puntu eskasera jarri dira.
Hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen fasea amaitzeko. Dental Belmonteren eta Ipar Titanaken aurka irabazteko partiduak izango ditu Hernanik, eta azken jardunaldian Navarbolei liderraren bisita jasoko du kiroldegian. Azken jardunaldia erabakigarria izan daiteke bi taldeentzat; izan ere, fasea lehenengo bi postuetan amaitzen duten taldeak sailkatuko dira igoera fasera.