EKHItaldian 3.225 ekhi banatu dira Hernaniko elkarteentzat

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 25a, 00:00

EKHItaldiaren hirugarren edizioan 2024ko Ekhilur sistemaren emaitzak aurkeztu, 2025erako proiektuak azaldu eta Funtsaren banaketa burutu zen, Burujabetzen Etxean.

Otsailaren 20an, Hernaniko Burujabetzen Etxean, EKHItaldiaren hirugarren edizioa ospatu zen, eta bertan, 3.225 ekhi banatu ziren Hernaniko elkarteentzat. Batetik, 2024ko Ekhilur sistemaren emaitzak aurkeztu ziren, bestetik, 2025erako proiektuak azaldu ziren, eta azkenik, Ekhilur Funtsaren banaketa burutu zen. Antolatzaileen esanetan: «EKHItaldiak Hernaniko ekonomiaren eta elkarte lokalaren indarra erakutsi zuen berriro».

Hernaniko Burujabek adierazi du, 2024an Ekhilur sistemak zenbaki «bikainak» lortu zituela: «1.400 erabiltzaile baino gehiagok eta 125 profesionalek osatutako sareak 120.000 erosketa-eragiketa baino gehiago erregistratu zituen, guztira, 2,8 milioi ekhiko balioarekin». Diotenez, datuek argi erakusten dute Hernaniko komunitateak tokiko ekonomia sustatzeko duen «konpromisoa».

Ekhilur Funtsa, berriz, erabiltzaileen eskuz osatu da. 2024an, erabiltzaileek 13.000 dohaintza egin zituzten, eta horri esker, 3.225 ekhi banatu ahal izan zirela azaldu dute. «Diru-laguntza hauek Hernaniko elkarteentzat izan dira, eta banaketa erabakitzeko, kontuan hartu dira Ekhilur erabiltzaileen inkestan jasotako botoak: Berriak Elkarteari 741,75 ekhi (%23); Dobera Euskara Elkarteari 645 ekhi (%20); Koxka Elkarteari 548,25 ekhi (%17); Amher elkarteari 354,75 ekhi (%11); Sagarreta Natur Taldeari 322,50 ekhi (%10); Bidean Herritar Taldeari 290,25 ekhi (%9) eta Herrilur Kontsumo Taldeari 290,25 ekhi (%9).

«EKHItaldiaren hirugarren edizioak ez zuen soilik 2024ko arrakasta azaldu, baizik eta 2025erako proiektuak eta helburuak ere aurkeztu zituen». Horrela, tokiko ekonomia eta elkarteak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute, «komunitatearen parte-hartzea eta lankidetza sustatuz».

Aurrera begira, herriaren eta inguruko eragileen arteko lotura indartzeko lanean jarraituko dutela gogoratu dute, eta herritarrei parte-hartzeko deia zabaldu diete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!