Bigarren urtez, auzoetara gerturatuko da Hernani Burujabe aurten, elkarlanerako deia luzatzeko. Horretarako, auzo batzarrak egingo ditu martxoan zehar, herriko zazpi auzotan: Etxeberrin, Antziolan, Karabelen, Zikuñagan, Latsunben, Lizeagan eta Kaxkoan. Batzar horietan, Hernani Burujaberen jarduna azaltzeaz gainera, «auzotarren beharrengan» jarriko dute arreta, «denon artean erantzun bat eman diezaiegun».
«Elkarrekin antolatzeko» hurbildu nahi dute auzoetara: «Nork jakingo du, auzotarrek baino hobeto, zer den auzoak behar duena eta eskaini dezakeena? Tokian toki, baldintzak ezberdinak dira, eta beharrak ere bai. Hernani Burujabek herria antolatzeko modu berri bat jarri nahi du martxan, eta horretarako, auzoak antolatzetik hasi behar dugu», nabarmendu dute.
Bidea herritar taldeak dinamizatuko ditu batzarrak. «Bizitzarako oinarrizkoak diren arloak, kapitalismoaren logikatik ateratzen saiatu nahi dugu, ez baitira negozioa, eskubidea baizik: elikadura, energia, bioaniztasuna, moneta, zaintza, telekomunikazioak, etxebizitza...».
Gainera, sarea zabaldu nahian, herriko elkarte eta eragileekin ere harremanetan jarriko dira aurten, «herriko nukleo eta motorrak direlako. Uste dugu dezente daukala Hernani Burujabek elkarteei eskaintzeko, eta alderantziz, baita haiengandik jasotzeko ere».
AUZO BATZARREN EGUTEGIA
Martxoak 3, Florida eta Etxeberri: Etxeberriko Auzokide auzo elkartearen egoitzan.
Martxoak 6, Antziola: Zelabide auzo elkartearen egoitzan.
Martxoak 10, Karabel eta Portu: Karabelgo Belkara auzo elkartearen egoitzan.
Martxoak 17, Zikuñaga, Osiñaga eta Martindegi: Zikuñagako auzo elkartearen egoitzan.
Martxoak 20, Sorgintxulo, Latsunbe, Galarreta eta Jauregi: Latsunbeko Iturritxo auzo elkartearen egoitzan.
Martxoak 24, Lizeaga, Santa Barbara, Elizatxo eta Txantxilla: Urumea ikastolan.
Martxoak 27, Kaxkoa eta erdigunea: Biteri kultur etxean.