Ohorezko Mailako partiduetako itxura hartu zuen Landarek atzo eguerdian, igoera faseko estreinako hitzordurako. Baina ez zen bete-betekoa izan festa, azkeneko minutuetan zapuztu baitzuen Las Rozasek: 78garren minutuan lortutako entsaio bati esker, madrildarrak 16-23 nagusitu ziren Hernaniren kontra.
Trikoloreek oso partidu serioa egin zuten defentsan, baina jokaldi azkarretan bi zulo utzi, eta biak baliatu zituen Las Rozasek, entsaio bana egin eta garaipena eskuratzeko. Hasi eta gutxira izan zen aurrenekoa. Talde bakoitzak zigor kolpe bana gauzatu ondoren, madrildarrek baloia azkar mugitu eta hernaniarren artetik ihes egin zuen Lautaro Poncek, zutoinen azpira iristeko (3-10). Hortik aurrera, sendoago aritu ziren trikoloreak defentsan, Las Rozasen erritmo biziari hesia jarriz. Erasoan, berriz, taldearen indarra baliatu zuen Hernanik, pixkanaka aurrera egiteko. Horrela lortu zituen beste bi zigor kolpe, Beñat Arizetak gauzatu zituenak; eta 9-13 iritsi ziren atsedenaldira.
Indarrak berrituta, aurreneko entsaioaren bila abiatu ziren hernaniarrak zuzenean, eta baita lortu ere, 43garrenean, Jon Ander Zapiainen eskutik (16-13): jokaldia pazientziaz josi eta, alboko sake baten ondoren, maul bikaina osatuta iritsi ziren trikoloreak marraren bestaldera. Madrildarrak jokalari bat gutxiagorekin zeuden une horretan, eta ondo baliatu zuten trikoloreek, zaleen etengabeko bultzadarekin.
Partiduak bizi-bizi jarraitu zuen, baina markagailua ez zen aldatu ordu erdiz, trikoloreen kemena tarteko. 73garrenean, ordea, hernaniarren falta bat baliatu zuen Las Rozasek, zigor kolpea gauzatu eta partidua berdintzeko (16-16).
Garaipenaren bila abiatu zen Hernani orduan, baina Las Rozas izan zen sari potoloa eskuratu zuena: baloia alderik alde azkar mugituta, eskuin hegalean topatu zuen zuloa trikoloreen defentsan, eta marraren bestalderaino iritsi zen Jose Matias Torres 78garren minutuan, Landareko giro beroa hozteko. Defentsako bonusa kontsolazio txikiegia izan zen hernaniarrentzat.
Puntu horrekin, sailkapeneko seigarren postuan dago Hernani, partidu bakarra jokatuta. Izan ere, punturik gabe daude Cisneros, Pasek Belenos eta L'Hospitalet oraindik. Taularen beste aldean, berriz, Liceo Frances (10 puntu), Gernika (9) eta Las Rozas (8) ageri dira, bi partidu irabazita.
L'Hospitaleten jokatuko dute trikoloreek, datorren igandean.