Hernanik ilusioz eta gogotsu ekingo dio igoera faseari, gaur Landaren

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 23a, 00:00

Bultzada indartsuena emateko prest daude trikoloreak.

Trikoloreek eguerdiko 12:00etan jokatuko dute Las Rozasen kontra, fase berriko estreinako partidua.

Denboraldiko aurreneko helburua beteta, ilusio bereziz eta gogotsu ekingo dio Hernanik bigarren faseari: gaur hasiko du igoera fasea, etxeko zaleen aurrean. Ingenieros Industriales Las Rozas taldearen kontra jokatuko du estreinako partidua, eguerdiko 12:00etan hasita, Landaren.

Gainerako taldeek dagoeneko jokatu zuten aurreneko partidua, duela bi aste, Hernaniri atsedena tokatu zitzaion jardunaldian. Las Rozasek, esaterako, 34-33 menderatu zuen Valencia. Eta halaxe ekin nahi diote trikoloreek ere, garaipenarekin, oso garrantzitsua baita ondo hastea.

Horretarako aritu dira prestaketa lan gogorrean, azkeneko hilabetean. Hiru astez gogor aritu dira entrenatzen, ilusioz eta gogotsu ez ezik, gorputzaldi onarekin ere iritsi dira igoera fasera. «Sentsazio onak» izan dituzte lan saioetan, eta «oso motibatuta» helduko diote igoeraren erronka zailari.

Landare zalez betetzea, garrantzitsua

Aurreko urteetan ez dute igoera fasea jokatzeko aukerarik izan trikoloreek. Hori horrela, jokalarien artean bakarrik ez, zaleen artean ere ilusio berezia piztu du aurtengoak. Lau partidu jokatuko ditu taldeak Landaren, eta harmailak jendez betetzea espero dute, Pasek Belenosen kontrako partiduan gertatu zen bezalaxe. Egun hartan, festa ederra bizitu zen bertan, igoera fasera sailkatzeko garaipen erabakigarria lortuta.

Horrelako beste lau festa beharko ditu Hernanik datozen hilabeteetan, Ohorezko Mailara itzultzeko ametsa gauzatzea posible izango bada. Gaurkoa izan dadila aurrenekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!