Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean ikusgai jarri du Errekalde-Galarreta bidegorria egiteko proiektu berria. «Hirugarrena da hiru urteko epean», adierazi du Eguzki talde ekologistak, «eta aurrekoak bezala, albiste bat ona eta bestea txarra dakartza».
Eguzkik pozik hartu du «bidegorriari lekua egiteko GI-2132 errepidearen ardatza pixka bat mugitu izana. Horri esker, proiektuak zuhaitzetan izango duen eragina leunduko da. Eragin hori kezka iturri zen guretzat, eta hala izaten jarraitzen du, batez ere harizti eremu bat dagoelako tartean».
Talde ekologistak aipatutako albiste txarra, berriz, bidegorriaren zabalerari dagokio: «Proiektu honetan ere, behar baino estuagoa izaten jarraitzen du. Izan ere, 3 metro zabal baino ez ditu, eta txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren eta Eskuliburuaren arabera. Zenbat eta zabalera txikiagoa izan, orduan eta aukera gehiago txirrindularien eta oinezkoen artean arazoak izateko, jakina. Horra hor zer gertatzen den Lezo eta Donibane artean ireki berri duten bidegorrian, paseoa pixka bat animatzen denean».
Eguzkik gogora ekarri du, 2022ko udaberrian aurkeztu zutela aurreneko proiektua, eta hura idatzi zutenek «nahitaez eta ahal bezala enkajatu» behar izan zutela bidegorria, GI-2132 errepidearen eta Defentsa Ministerioaren Lore Toki finkaren artean. Proiektu hartan, bidegorria 1,8 metrora estutzen zen zenbait puntutan. Bigarren proiektuan, berriz, «malgutu» egin zuten «militarren lursailak ez ikutzeko baldintza», eta desagertu egin ziren gune estu horiek. Eta oraingo honetan, errepidea ez ikutzeko baldintza ere malgutu dute: «Bidegorria errepiderantz mugitu ahal izango da pixka bat, eta horri esker leunduko da eragina Chillida Lekun eta zuhaitzetan, baina bidegorriak 3 metroko zabalera izaten jarraituko du».
«Bidegorri honek 2021etik behar zuen martxan»
Talde ekologistak salatu du, beste behin, «atzerapen haundia» pilatzen ari dela Gipuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea. «Errekalde-Galarreta bidegorriak 2021 urtetik behar zuen martxan, eta beste hainbatek ere eginda behar lukete. Sareak amaituta edo ia amaituta behar zuen dagoeneko, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo abiaduran dijoa, eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo».