Panpinak, makilak eta musika doinu alaiak, Hernaniko Inauteriei ongietorria emateko

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 23a, 00:00

Inude eta Artzainen konpartsa kalez kale ibiliko da gaur, 11:45etatik aurrera; eta haiek bukatzean, kontzertua eskainiko du Musika Bandak udaletxeko arkupeetan, 13:30etan. Datorren ostiraletik hurrengo asteartera bitarte ospatuko dituzte Inauteriak Hernanin.

Kaldereroen iragarpenari erantzunez, hastear dira Hernaniko Inauteriak. Datorren ostiraletik aurrera ospatuko dituzte, otsailaren 28tik martxoaren 4ra; eta ongietorri beroena emango diete gaur eguerdian, ohiko bi hitzordu garrantzitsurekin.
Batetik, 11:45etan hasita, ka­lez kale ibiliko da Inude eta Ar­tzainen konpartsa, Urumea ikas­tolaren eskutik. Panpinen saltoek eta makilen dantzak alaituko dituzte erdiguneko kaleak, Plazara iritsi arte. Bertan egingo dute ohiko ekitaldia, azkeneko urtean jaiotako haurrak erroldatzeko eta txertoa jartzeko. 140 kidek osatuko dute konpartsa, garai bateko pertsonaia ugarirekin: piruleteroak, globeroak, barkilleroak...

Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupeetan
Errolda eta txerto kontuak bukatuta, musikak hartuko du protagonismoa Plazan. Izan ere, bertan eskainiko du inauterien aurreko kontzertua, Hernaniko Musika Bandak. 13:30etan hasiko dute emanaldia, udaletxeko arkupeetan.

Tolosako Inauterietako piezak eskainiko dituzte kontzer­tu­an, eta baita Donostiako Inau­te­rietako zenbait obra ere. Azkene­ko horiek, Sarriegik pianorako idatzitako lau obra dira, Joxe­mari Oiartzabalek orkestrarako mol­datutakoak; eta Musika Bandak berak estreinatuko ditu gaurko emanaldian.

Lau pieza estreinatuko ditu Hernaniko Musika Bandak, baina denera 14 pieza dira Oiartzabalek moldatutakoak; eta aurreratu dutenez, disko formatuan grabatuko dituzte laster.

Bost eguneko kolore festa, datorren ostiraletik aurrera

Gaurkoan Inauteri giroa piztuta, datorren ostiralean murgilduko dira hernaniarrak bost eguneko kolore festan. Arratsaldeko 15:15etan egingo dute hasiera ekitaldia, ikastetxeetako haurrak Plazan elkartuta, kalejiran abiatzeko. Hortik aurrera, ez dute hutsik egingo ohiko ekintzek, aurtengo Inauterietan ere.

Horrela, hiru egunez aterako da Erraldoi eta Buruhaundien konpartsa, ostiralean bertan, larunbatean eta astelehenean. Eta Axeri Dantzak larunbatean eta astelehenean berotuko ditu herritarren bizkar eta ipurdiak. Ttarlak, berriz, igande eguerdi­an jantziko ditu herriko kaleak, mozorroen kalejirarekin.

Eta kolorerik faltako ez den bezala, ez da faltako musikarik ere, noski. Egunero alaituko dituzte kaleak txarangek, dultzaineroek, txistulariek edo trikitilariek; eta kontzertuak ere izango dira: Musika Bandarena ostiralean, eta Gari&Maldanbera taldearena igandean. Haurrentzako jolasak, pailazo zein magia emanaldiak, puzgarriak eta dantza saioak ere, egunero aukeran.

Kolore biziek beltzari utziko diote pasoa asteartean, azkeneko egunean. Sardina ehortziko dute, dultzaina doinu artean, Inauteriei bukaera emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!