Euskal preso eta iheslarien aurka aplikatzen den salbuespenezko legeriak presoei ez ezik, senide eta seme-alabei ere gehigarrizko sufrimendua ekarri die urte luzeetan.
Gure begirada haur eta nerabeen heziketan kokatzen badugu, argi dago preso eta iheslarien seme-alabak espetxe politikaren jomugan jarriak izan direla; izan ere, garai bateko dispertsioak ondorio latzak utzi ditu gehienengan. Gurasoen egoerak sufriarazi egin die haur eta nerabe horiei, baina baita asteburuetako bidaia luzeek, nekeak, urduritasunak, eskola-orduen galerak, desoreka emozionalak, antsietateak eta abar.
1978ko Espainiako Konstituzioak berak haurra babestu beharraz hitz egiten du bere 39. kapituluan, baina babes hori ematea eta salbuespen-politika aplikatzea ez datoz bat, inondik ere.
Egia da gaur egungo egoera, zorionez, garai batekoa baino hobea dela, baina ez dugu ahaztu behar ETAren jarduera aspaldi amaitu zela, eta hala ere, Espainiako gobernuak salbuespen-legeria aplikatzen jarraitzen duela oraindik: besteak beste, iheslari batzuk ezin dira etxera itzuli; preso batzuk bizi osoko zigorra betetzen ari dira, gradu-progresiorako aukerarik gabe, eta baimenak eskuratu ezinik.
Estatuekiko gatazkaren konponbidean urrats sendoak emateko, gizarteko sektore ugarik ezinbestekotzat jotzen du salbuespen-legeriari behin betiko amaiera ematea, eta hezkuntza-eragileok ere bat egiten dugu aldarrikapen horrekin. Horrela lortuko dugu guztion artean gizarte gisa aurrera egitea.
Euskal presoak etxera!
Nora Alejos, Maiteder Requejo, Xabier Mikel Uizi, Ana Quevedo, Mikel Eraunzetamurgil eta hezkuntza-alorreko beste 90 kide.