Las Rozasen aurka hasiko du igoera fasea Hernanik, zaleen bultzadarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 22a, 00:00

Landaren ekingo dio Hernanik bigarren faseari.

Bihar eguerdiko 12:00etan hasiko da Hernaniren bigarren faseko lehendabiziko partidua.  

 

Denboraldiko lehenengo helburua ondo beteta, bihar eguerdian ekingo dio igoera faseari Hernanik. Etxean jokatuko du lehenengo partidua, zaleen laguntzarekin, eta giro ederra espero da Landaren. 

Lehenengo partidua izango da Hernanirentzat, baina trantze hori pasata iritsiko da Las Rozas taldea. Aurreko jardunaldian Valenciaren aurka aritu zen talde madrildarra, eta puntu bakarragatik (34-33) lortu zuen garaipena. Hernanik fasea ondo prestatzeko eta atseden pixka bat hartzeko tarte luzea izan du, eta jokalariek gogoz ekingo diote denboraldiaren bigarren zatiari. 

Igoera lortzea, ordea, ez da lan erraza izango. Ondorengo taldeekin lehiatu beharko du Hernanik: Gernika, Liceo Frances, Sant Cugat, Las Rozas, Valencia, Belenos, Hospitalet eta Cisneros. Zortzi partidu jokatuko ditu guztira, horietatik lau Landaren. Sailkapenean lehenengo geratzen denak zuzenean lortuko du igoera, eta play offak jokatzeko sailkatuko da bigarrena. 

 

Xabi Lukas: «Taldea gogotsu eta motibatuta dago, berriro hasteko gogoz»

«Hilabete egon gara ligako partidurik jokatu gabe, eta hiru aste eduki ditugu datorren fasea prestatzeko. Aste gogorrak izan dira, baina oso sentsazio onekin gaude, oso motibatuta dago taldea eta gogo haundiarekin hartuko dugu datorren fase hau. Landaren hastea baino gauza hoberik ez dago. Badakigu oso garrantzitsua izango dela ondo hastea fasea; hortaz, bai ala bai garaipenaren bila aterako gara. 

Helburuei dagokienez, badakigu denboraldi hasieran jarritako helburua bete dugula jada, baina ez dugu horrekin geratu nahi. Orain lehengo maila mantentzea izango da helburua eta, zergatik ez, gorago begiratu. Lehenengo 4 postuetan sailkatzeko aukera badugu, aurrera. Igoeragatik borrokatzeko aukera badugu, hobe. Taldea sendo, gogotsu eta motibatuta dago. Espero dugu Landare berriro beteta ikustea bihar».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!