Berbertan dauzkagu Inauteriak, eta, urteroko legez, bihar eguerdian aterako da Urumea Ikastolako Inude eta Artzainen konpartsa.
11:45etan abiatuko dira ikasleak Urumeatik, eta Kaxkoan barrena ibiliko dira kalejiran. Ekitaldi nagusia Gudarien plazan izango da, eta bertan erroldatuko dituzte azken urtean jaiotako haurtxoak, eta aurretik erizainen txertoa jasoko dute. 140 kidek osatzen dute konpartsa, eta garai bateko pertsonaiek garrantzi berezia izango dute aurten ere. Ez da piruleterorik, globerorik, barkilerorik edo umezainik faltako.
Konpartsari jarraipena egin nahi diotenentzat, hauxe izango da egingo duen ibilbidea: Urumea ikastola, Sandiusterri, Elkano kalea, Gudarien plaza, Andre kalea, Plaza Berri, Kale Nagusia, Zinkoenea, Txirrita kalea, Izpizua kalea, Urbieta, Kale Nagusia eta Gudarien enparantzan dantzatuko dute azkenekoz. Handik, Elkano kaletik, Urumea ikastolara itzuliko dira. Ibilbideko leku hauetan egingo dituzte haurrek dantzak: Gudarien plazan, Plaza Berrin, Zinkoenean eta Urbieta kalean.