Oso gertu dira Hernaniko Inauteriak, eta kolorearekin batera, ez da faltako musikarik ere, urtero bezala. Herriko makina bat talde eta musikari arituko dira kaleak eta plazak alaitzen.
Horietako bat izango da Hernaniko Musika Banda, eta bi emanaldi iragarri ditu Inauteriekin lotuta. Aurrenekoa gaur bertan izango da, iragarpen gisa: Inauterien aurreko kontzertua eskainiko du udaletxeko arkupeetan, eguerdiko 13:30etan.
Jorge Pacheco Garcíaren zuzendaritzapean, Tolosako Inauterietako 10 piezarekin osatu dute kontzertuko egitaraua. Honakoak izango dira, hain juxtu: 'Diana', 'Pello Ziri Ziri', 'Baratzeko Pikuak', 'Jota', 'Isabelita', 'Galtzaundi', 'Pastelero', 'Kaldereroen konpartsa', 'Praskuarena' eta 'Irureta'.
10 pieza horiekin, Inauterietarako beroketa lanak egingo ditu Musika Bandak, herritarren belarriak goxatuz. Baina ez dute hori izango festa koloretsuenekin lotutako emanaldi bakarra. Izan ere, kontzertu tematikoa eskainiko du Bandak Inauterien aurreneko egunean.
Otsailaren 28an izango da hori, iluntzeko 19:30etan hasita, Biteri kultur etxean. Eneritz Jauregi Agirresarobek zuzenduko du emanaldia, eta lau pieza eskainiko dituzte: Alfred Reeden 'El camino real', Rossiniren 'Guillermo Tell', Hans Zimmerren 'At world's end', eta Arturo Márquezen 'Conga del fuego nuevo'.
Kontzertuez gain, musikarik ez da faltako Hernanin barrena, otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitartean. Egunero aterako da kalera Inauterietako txaranga, martxoaren 1eko gauerdian Incansables txaranga, eta elektrotxarangak ere izango dira: Matraka otsailaren 28an, eta 3indarrok martxoaren 1ean. Gainera, bi egunez (28 eta 1) aterako da erraldoi eta buruhaundien konpartsa, dultzaineroekin; martxoaren 3an diana joko dute Herri Musika Elkarteko kideek; eta hurrengo egunean Hernani Musika Eskolako trikitilariek alaituko dute Kaxkoa eguerdian.