Euskadiko Parke Teknologikoak astelehen goizean egin zuen ekitaldia, Hernaniko Galarretako Campusaren jabetzakoa izango den aurreneko eraikinaren lehenengo harria jartzeko. Bertan izan ziren, besteak beste, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Imanol Pradales EAEko lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoko presidentea.
Guztiek egin zuten bat, nabarmentzeko instalazio hauek duten garrantzia, Euskadiko Parke Teknologikoak Gipuzkoan duen espazio-eskari gero eta haundiagoari erantzuteko.
Galarretan kokatuta, eraikin nagusi berri honek Ellen MacArthur (Derbyshire, Ingalaterra, 1976) ekonomia zirkularraren aitzindaria izandakoaren izena hartuko du. Instalazio hauek «ekodiseinuko, jasangarritasuneko eta efizientzia energetikoko irizpideen arabera» diseinatuta daude, eta gune bihurtuko dira «hazkunde fasean dauden enpresentzat, inkubazio-fasea amaitzen dutenean».
«Hernaniko eraikin baten lehenengo harria baino askoz ere gehiago da hau. Apustu arrakastatsu baten jarraipena da, etengabe indartu behar duguna», aipatu zuen lehendakariak.
2026aren amaierarako bukatuta egotea aurreikusi dute
Ellen MacArthur eraikina 2026aren amaierarako bukatuta egongo dela aurreikusi dute, eta 10.000 metro koadroko azalera izango du, Parke Teknologikoak enpresa teknologikoen eskura jarriko duena. Horietatik 2.300 egongo dira hazkunde fasean dauden enpresei zuzenduta, instalazio horiek zentro bihur daitezen inkubazio-fasea igaro duten eta merkatuan hazkunde azkarra izaten ari diren enpresa-proiektu guztientzat.
Hernaniko Campusera sartzeko biribilgune nagusiaren ondoan dago eraikin nagusi berria, eta «azpiegitura malgutzat» konfiguratu da, «enpresa bakoitzaren baldintza partikularretara egokitu daitekeen azpiegituratzat», hain zuzen. Barrualdean bulego pribatizagarriak, prototipo teknologikoetarako espazioa, RIS3 laborategiak eta zerbitzu osagarriak egongo dira, hala nola coworking-gela, erabilera anitzeko gelak eta Agora.
Bizikleta eta patinete elektrikoentzako aparkalekua ere izango du, baita ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ere, Parke Teknologikoak mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustuaren ildotik.
Azpiegitura berdea eta adimenduna
Eraikin honekin, Euskadiko Parke Teknologikoak indartu egingo du «azpiegitura berde eta adimendunak sortzeko konpromisoa», aurkezpenean adierazi zutenez. Ildo horretatik, Ellen MacArthur eraikinak betetzen ditu ingurumen aldetik jasangarria den eraikin baten ezaugarriak.
Izan ere, eraikina egiteko, %40 material birziklatu erabiltzea aurreikusi dute, baita egonlekuei lotutako material ekologikoak eta beroak erabiltzea ere. Era berean, energia berriztagarrien aprobetxamendua erraztuko da, eta honako hauek barne hartuko dira: errendimendu haundiko sorkuntza termikoa, instalazioen digitalizazioa eta kontrola (BMak), kontsumoen eta energia-iturrien optimizazioa, eta euri-uraren eta ur grisen berreskurapena.
Hernaniko eraikin nagusi berria gehitzea «beste mugarri bat» da Gipuzkoako Parke Teknologikoarentzat. Gaur egun, Campusean Couth enpresa dago, duela urtebete baino gutxiago bere instalazioak inauguratu zituena, eta baita Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Orona Fundazioa ere. Era berean, urrats garrantzitsua da Gipuzkoan espazio berrien eskariari erantzuteko. Eraikin berria egiteko aurreikusitako kostua 18,2 milioi eurokoa da.