Onenetatik urruti, aurreneko testean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 18a, 00:00

11garren izan zen Hernaniko Maialen trainerua, larunbatean, Oriaren Jaitsieran.

Larunbatean jokatu zen Oriaren Jaitsiera, dozenaka traineruren partehartzearekin, Orion. Eta bertan izan zen Hernaniko Maialen trainerua ere, denboraldiko aurreneko testa egiten. Emakumezko absolutuen mailan, denera 13 traineru aritu ziren lehian, eta onenetatik urruti geratu ziren hernaniarrak, 11garren, 15:03ko denborarekin. Arraun Lagunak (13:45) nagusitu zen, Orioren (13:53) eta Tolosaren (14:09) aurretik. Denboraldian kontrario behar dituenak ere, nahi baino urrutiago izan zituen Hernanik, minutu erdi azkarrago aritu baitzen Ondarroa (14:34) 10garrena ere. Portugalete (15:13) eta Arraun Lagunak B (15:17) izan zituen atzetik.

«Sentsazio na­hasketa» bizi izan zutela azaldu du Asier Ocon entrenatzaileak: «Arraunlari ba­tzuentzat aurreneko estropada zen, eta nabari zen urduritasuna. Tartean baziren pare bat urtez lehiatu gabe egon ondoren bueltatu direnak ere. Hala ere, egoerari aurre egin eta pozik bukatu zuten egindako lanarekin».

Gainera, Oconek nabarmendu du «taldea osatzen» ari direla une honetan. «Taldeak oraindik ezin du bere mailarik onena eman, traba ezberdinak tarteko: lesioak, lana... Baina Orion lehiatu zen taldeak, bere onena eman zuen, eta oso garrantzitsua da hori».

 

Hurrengo zita, Hondarribian

Martxoaren 15ean izango du hurrengo hitzordua Maialen traineruak, Hondarribian: «Estropada horretan, beste urrats bat ematea izango da traineruko arraunlarien helburua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!