Hernaniko Udaleko Kultura sailak, urtero lez, lehiaketa jarri du martxan 2025eko San Joan jaien kartela erabakitzeko. Edonork hartu dezake parte lehiaketa honetan, baina zenbait irizpide betetzea beharrezkoa izango da. Bestalde, proposamenak bidaltzeko tartea martxoaren 20ra bitarte izango da.
Lehiaketan parte hartu nahi duen orok, zenbait irizpide izan beharko ditu kontuan. Lehenik eta behin, ezinbestean, 'SANJOANAK 2025' goiburua izan beharko dute lan guztiek. Formatu digitalean 300pppko erresoluzioan eta CMYKerako koloretan aurkeztu beharko da, 32x48 zentimetroko neurrian. Biteri Kultur Etxean bertan edo kultura@hernani.eus helbidera bidali beharko dituzte lanak interesatuek, eta lanarekin batera, egilearen izena, helbidea eta telefonoa igorri beharko dute.
Aurkezten diren lan guztien artean, San Joanetako Jai Batzordeari egokituko zaio lau aukeratzeko ardura. Ondoren, lau horien artean herritarrek aukeratuko dute euren gustukoena, bozkaren bitartez.
Kartel lehiaketaren irabazlea, maiatzaren hasieran jakinaraziko da. Saria 700 eurokoa izango da, 350 euro Hernaniko Berriak elkarteko dendatan erabili beharko dira, eta beste 350 euroak transferentzia bidez ordainduko dira.