Inude eta artzainen konpartsa aterako da igande honetan, otsailak 23, Hernaniko kaleetara. Inauteriak datoz, eta Urumea ikastolako haurrek desfilea egingo dute urtero bezala.
Konpartsaren irteera 11:45etan izango da, eta Kaxkoko kaleetan barrena ibiliko dira aurrena. Ondoren, Gudarien Enparantzan ekitaldi nagusia antzeztuko dute haurrek, euria eginez gero, ekitaldia Atsegindegin egingo da. Plazan, inudeak daramatzaten haurrei txertoak eman eta udaletxeko agintariei aurkeztuko dizkiete, izenak erregistroan idatzita gera daitezen. Amaitzeko, azken arin-arina dantzatu eta ikastolara itzuliko dira.
Konpartsa 140 bat partaidek osatzen dute, tartean, dantzariak, tanbor joleak, txarangako musikariak edota konpartsa txikia. Baina badira garai bateko pertsonaiak ere, besteak beste, globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal-idazkaria, sendagileak, erizainak edota argazkilaria.
Konpartsaren ibilbidea
Urumeako haurrek Kaxkotik egingo dute itzulia. Ikastolan hasiko dute ibilbidea, eta hortik, Sandiusterrira, Elkano kalea, Gudarien plaza, Andre kalea, Plaza Berri, Kale Nagusia, Zinkoenea, Txirrita kalea, Izpizua kalea, Urbieta, Kale Nagusia eta Gudarien enparantzan dantzatuko dute azkenekoz. Handik, Elkano kaletik, Urumea ikastolara itzuliko dira. Ibilbideko leku hauetan egingo dituzte haurrek dantzak: Gudarien plazan, Plaza Berrin, Zinkoenean eta Urbieta kalean.