Hernaniko Musika Bandak bi kontzertu, inauterien atarian

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 17a, 00:00

Igande honetan eskainiko dute lehen kontzertua, eta otsailaren 28an bigarrena. 

 

Inauterien atarian, bi kontzertu eskainiko ditu Hernaniko Musika Bandak Hernanin. Lehena igande honetan izango da, udaletxeko arkupetan, eta bigarrena otsailaren 28an, Biteri Kultur Etxean. 

Igande honetan, eguerdiko 13:30etan elkartuko dira bandako kideak, herriko arkupetan. Bertan, Tolosako inauterietako abestiak eskaintzeaz gain, Sarriegik idatzitako Donostiako inauteriko obrak ere eskainiko dituzte, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean.

Bigarren kontzertua, otsailaren 28rako antolatu dute, Biteri Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30etan hasita. Biterin arituko dira Bandako kideak, kasu honetan, Eneritz Jauregiren zuzendaritzapean. 

Bandako musikariek azaldu dute, zuzendari ezberdinekin aritzea irakaskuntza haundia dela: «Zuzendari ezberdinekin aritzeko aukera ikaskuntza ederra izaten da Bandako partaideentzako, modu, joera eta zuzentzeko estilo ezberdineko esperientziaz jazten baitira partaideak». Aitzitik, kontzertuetara hurbiltzen den jendeak «gozatu» egiten duela diote musikariek, zuzendari ezberdin hauek bandari ematen dioten «kolore eta lagin bereziagatik».

Biteriko kontzerturako Jauregik errepertorio «zabal eta anitza» aukera du. Besteak beste, Guillermo Tell (Rossini), Karibeko Piratak, Camino Real (bidaia baten irudikapen musikatu) edota Suaren Konga (Mexikoko abesti eta erritmoaz jositako obra).

«Bi aukerak politak dira musikaz gozatzeko Udalak antolatutako inauterietako festen programazioaren barruan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!