Kultur agendak markatutako astea izango da hau, inauteriak iritsi aurretik. Hiru ekintza barnebilduko dira nagusiki, bihartik hasita: helduentzako zinekluba, haurrentzako antzerkia eta literatur solasaldia.
'L.A.A.' liburuz hizketan, bihar
Maixa Zugastiren 'L.A.A.' liburuaz arituko dira bihar, Udal Liburutegian. Donostian kokaturiko thriller psikologiko honek egileari jazotako gertaera hunkigarri batzuk ditu abiapuntu. Literatur solasaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta Ane Mayozek gidatuko du saioa.
Zineklubean ingelesezko filma ikusgai
Ostegunean, otsailak 20, helduentzako zineklubaren beste saio bat izango da Hernanin, Rose Glass zuzendariaren 'Love Lies Bleeding' thrillerra. Filmak, Jackiek kulturistaren istorioa kontatzen du. Jackiek arrakasta lortu nahi du, eta Las Vegasera joango da lehiaketa batean parte hartzera. Bidean, Mexiko Berriko herri txiki batetik igaroko da, eta Lou ezagutuko du, bertako gimnasioko kudeatzaile bakartia.
Jatorrizko hizkuntzan proiektatuko da, baina espainierazko azpidatziekin. Biteri Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. 104 minutuko iraupena du eta sarrera 3 euroren truke eskuratu ahal izango da, Biteriko leihatilan edota online.
Herriko txikienentzat 'Moko' antzerki obra
Larunbatean, otsailak 22, haurrentzako antzerkia eskainiko da Biterin. Teatro Gorakadaren 'Moko' obra izango da oholtza gainean, herriko txikienentzako. «Beste edozein ume bezalakoa zen. Jolasean aritzen zen, txoriak eta arrainak harrapatzen. Alaia, bizia eta ausarta zen. Hain ausarta ezen bere abenturetako batean altuera handi batetik erori eta kolpeak aurpegia desitxuratu baitzion, betirako. Hala, munduaren begietarako munstro bilakatu zen. Ordutik aurrera, MOKO deitzen zioten denek». 55 minutuko iraupena izango du obrak, eta 6 urtetik gorako haurrentzat izango da. Eguerdiko 12:00etan hasiko da eta sarrera 3,5 euroren truke eskuratu ahal izango da.