Hernaniko Udalak jakinarazi du eskaera ofiziala egin diola dagoeneko Eusko Jaurlaritzari, Hernani etxebizitza gune tentsionatu izendatu dezan. Behin Jaurlaritzak onartua, Madrilera bidali beharko litzake eskaera, hari baitagokio azken izendapena ezarri eta eskaera onartzea.
Udaleko gobernu taldeak adierazi du, etxebizitza alorrean duen helburu nagusietako bat dela Hernani etxebizitza gune tentsionatua delako izendapena jasotzea. Izendapen hori jasotzeko lehen urratsa egin du Udalak, Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea hain zuzen. Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak eskaera ofiziala egiten duen dekretua sinatu berri du, eta hurrengo egunetan bidaliko ditu eskaera bera eta hari atxikitako dokumentazio osoa.
Eskaerarekin batera Jaurlaritzak eskatzen duen dokumentazioa ere bidaliko du udalak, besteak beste, etxebizitzaren inguruko diagnostikoa, hiru urterako ekintza plana eta justifikazio memoria. Behin dokumentazio osoa bilduta, hiru hilabeteren buruan jaso beharko luke Hernaniko Udalak Jaurlaritzaren erantzuna.
Udalak iaz egin zuen etxebizitzari buruzko diagnostikoaren arabera, Espainiako Etxebizitza Legeak eremu tentsionatu delako izendapena jasotzeko behar den baldintzetako bat betetzen du Hernanik. Baldintza hori da, familiek etxebizitza gastuetarako erabili behar duten dirua bataz besteko diru sarreren %30 baino gehiago izatea. Hernaniren kasuan, zehazki, herritarrek %30,5 ordaintzen dute, bataz beste, etxebizitza gastuetarako.
«Datu demografikoek eta etxebizitzaren erabilera datuek aditzera ematen dute Hernaniko etxebizitza parkea azken urteetan presio handia jasaten ari dela: etxebizitza eskaria oso handia izan da, Donostiak eskualdean eragiten duen prezio altuarengatik, eta eskaintza urriagatik, nagusiki», adierazi du Udalak.