Igoera fasea ondo hasita, garaipen bila Bidebietara

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

Indartsu hasi dute igoera fasea.

Hernaniko mutilek Bera Bera izango dute kontrario gaur, 19:30etan, hirugarren postua sendotzeko.

 

Ezin hobeto ekin dio Hernanik igoera faseari, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailara igotzeko lehian: 34-28 nagusitu zen Donibaneren kontra. Horrekin, eta lehenengo faseko emaitzak kontuan hartuta, hirugarren postua sendotu dute hernaniarrek, 8 punturekin, atzekoekin tartetxoa haundituta. Aurreneko bosten artean sailkatzea da lehenengo helburua, eta une honetan bi garaipeneko aldea daukate seigarrenarekin; Donibanerekin, hain juxtu.

Kontrario zuzenak atzeratzeko helburu horrekin, hitzordu garrantzitsua daukate gaur, Donostian: Bera Beraren kontra jokatuko dute, Bidebietan, 19:30etan hasita. Bosgarren sailkatua da Bera Bera.

Edozein kasutan, igoera faseak luze joko du oraindik. Talde bakoitzak zazpi partidu dauzka jokatuta, fase honetarako puntuagarriak; eta beste zazpi falta zaizkie oraindik. Edozer gertatu liteke oraindik, baina zaila dirudi hernaniarrek Pulpori (14 puntu) edo Munttarperi (12) aurrea hartu diezaieketenik, igoera zuzeneko lehenengo postua eskuratzeko.

Momentuz, lehengo astean hartutako bideari eustea dagokie, ahalik eta garaipen gehien pilatzeko. Hernaniarrek aurreneko zatian zabaldu zuten tartea Donibaneren kontra (15-10), eta horri eutsi zioten bigarrenean. Paul Aizkorbe izan zen golegile nagusia (7), eta oso fin aritu ziren atearen aurrean Oier Alegria (6) eta Ianitz Gorrotxategi (5) ere, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!