Udarako prestaketa fintzeko eta lehiakideekin indarrak neurtzeko, Oriaren Jaitsieran hartuko du parte Hernaniko Maialen traineruak, gaur arratsaldean. Guztira 77 traineru elkartuko dira Orion, kategoria ezberdinetakoak; eta uretaratzen 52garrena izango da Maialen. Emakumezkoen maila absolutuan, 13 traineruk hartuko dute parte, eta 4.000 metroko ibilbidea osatuko dute. 17:39etan abiatuko dira hernaniarrak, emakumezkoen artean hirugarren.
Honakoak izango dituzte lehiakide, abiatzeko ordenaren arabera: Arraun Lagunak B, Portugalete, Ondarroa, San Juan, Zarautz, Zumaia, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Tolosa, Arraun Lagunak A eta Orio.
Ohi bezala, aurreneko testa izango da gaurkoa, udako traineru denboraldiari begira prestaketa fintzen jarraitzeko.
Castrelo de Miñon bikain, Odriozola eta Uralde
Joan den asteburuan, bestalde, Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan hartu zuten parte Beñat Odriozola eta Unax Uralde hernaniarrek, Castrelo de Miñoko urtegian, Galizian. Paralinpikoetan, PR2 mailan aritu zen Odriozola, eta urrezko domina kolkoratu zuen. Bere taldekide bat, Eneko Mendizabal lasartearra, izan zen bigarren. Hernaniko Arraun Elkartean aritu dira biak orain arte, baina Ur-Kirolakekin osatuko dute aurtengo denboraldia.
Unax Uraldek, bere aldetik, bi probatan hartu zuen parte, jubeniletan. Larunbatean, Euskadiko selekzioaren ordezkari gisa aritu zen, selekzio autonomikoen arteko txapelketan, lauko scullean, 1.000 metroko proban. Laugarren izan ziren sailkatze estropadan, eta finalerako txartela lortu zuten. Igandean jokatu zuten finala, eta seigarren izan ziren: «Ez genuen domina lortzerik izan, baina Espainiako onenen aurka ari ginen, eta tarte txikiak izan ziren denen artean», azaldu du.
Igandean bertan, bakarkako lanean ere aritu zen Unax Uralde, Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan. Skiffeko proban lehiatu zen hernaniarra, eta sailkapenaren erdi parean amaitu zuen txapelketa.