'Otsailean ere ez da bertsorik faltako Hernanin!', esaldi horrekin iragarri zuten Paulo Txikiya bertso eskolako kideek hilabete honetako jarduera. Inauteriak gertu daudenez, Bertso Trama prestatu dute otsailaren 21erako.
Saioa arratsaldeko 18:30etan izango da, Tilosetako eskaileretan. Eguraldiak laguntzen ez badu, jakinaraziko dute kokaleku berria.
Lau bertsolari arituko dira kantuan: Ekain Tolaretxipi hernaniarra, Libe Goenaga, Beñat Astiz eta Maddi Agirre. Tramaren gidariak, berriz, sortu berri den Joxepa bertso taldeko kideak izango dira.
Ohiko saioen aldean zertxobait bereziagoak izaten dira tramak. Testuinguru batean kokatuko dituzte bertsolariak, eta gai horren bueltan abestu beharko dute uneoro. Ikusiko dugu zein den abiapuntua, eta noraino heltzen diren.