Kontzientziazio saioak egin ditu Bizipozak Hernaniko institutuan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

DBH 2 mailako ikasleek Pausoka eta SuperH elkarteen jarduna ezagutzeko aukera izan zuten kontzientziazio saioen bidez.

Bizipoza Elkarteak kontzientziazio saioak eskaini ditu Hernaniko institutuan. DBH 2 mailako gazteek Pausoka eta Super H elkarteak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten hitzaldietan, egunez egun egiten duten lana nabarmenduta. 

Jardunaldi hauek Hernanin egitearen zentzua bikoitza da. Izan ere, askok gogoratuko duten modura, bertan ospatu zen 2024ko Bizipoza Jaia, eta bi elkarte horiek izan ziren antolatzaileak. Festa eguna antolatzeko herriko ikastetxeekin, kirol taldeekin, kulturgileekin edota eragileekin elkarlanean aritu ziren, eta hedapen lan horrek jarraipena izan du kontzientziazio saio hauekin. 

«Herriko gazteak ere badira Bizipoza, eta badute zeresana. Eskertuta gaude euren partetik jaso dugun harrerarekin». 

 

Bi dokumental berri ikusgai, Bizipozaren webgunean

Guztira 38 elkartek osatzen dute Bizipoza, eta batzen diren elkarteen mikrodokumentalak argitaratzen dituzte www.bizipoza.eus webgunean. Kasu honetan, ikusgai jarri dituzte Iñurri eta Marea Urdina elkarteen dokumental laburrak. Horietan azaltzen dute zein den beraien elkartea, zein helburu duten eta ze ekintza bideratzen dituzten egunerokoan. 

Gainontzeko elkarte guztien dokumentalak ere ikusgai daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!