Anari Alberdi 'Anari' abeslari eta musikari azkoitiarrak kontzertua eskainiko du gaur, 22:00etan, Biteri kultur etxean. Giza zarata azken diskoko abestiak aurkeztuko ditu Hernanin bizi den artistak eta sarrerak 8 eurotan erosi daitezke online edo Biterin bertan.
Anarik beraz azpimarratzen duenez: «Denetarik dago. Kantuz-kantu egindako disko bat da, ez da inolaz ere kontzeptuala. Bunkerra I eta II abestiei lotuta, nolabaiteko baretasuna somatzen da, baina sonikoki anitza da. Batzuetan zakarra ere bada, disko baretatik nator eta hau beste leku batean ikusten dut, progresio baten ondorio. Oso zuzena da, konponketa gutxirekin. Gordina izatea nahi nuen. Zentzu honetan, konexio bat ikusten dut hasierako Anarirekin, lehen diskoekin. Nire taldea ez den jendearekin grabatu dut, beraz, Joaquin Pascual eta Paco Locoren unibertso sonikoa ere presente dago».
Giza Zarata (Tristuraren Industria, 2024) Anariren lehen lan luzea da 2016tik, Epilogo Bat (Bidehuts) argitaratu zuenetik. Bidean single mordoa utzi du, Anariren ibilbidearen bilakaeran hari koherente bat osatzen dutenak.
Hamar abestiz osatutako diskoa
Ia zazpi urteko disko-etenaldiaren ostean, Giza zarata lana pasa den urtean aurkeztu zuen Anarik. Raymond Carver idazlearen gogoeta batetik abiatuta hamar kantuko lana osatu du: Troiako zaldia, Ez nengoen han, Tigrea, Kontinente zaharra, Bunkerra I, Edertasun arraroa, Bunkerra II, Inmolazioa, Vesna Vulovic eta Giza zarata dira hamar kantuak.