Potemkin Zinema Taldeko kideek lehen filma eskainiko dute bihar Milagrosan, Putinen Jostuna Zikloaren baitan, arratsaldeko 20:30etan hasita. 2025 hasierarako bi film dituzte programatuak, bihar La batalla de Argel eta otsailaren 21ean El odio.
Ziklo hau hausnarketa politikorako espazioa dela azaldu dute eta eskainiko dituzten dokumental eta filmen bidez, «ikuspegi politiko kritikoa duten gaiak» jorratu nahi dituzte.
La batalla de Argel filma hiru aldiz izan da izendatua Oscar sarietan eta Veneziako Mostrako sari nagusia, Urrezko Lehoia, irabazi zuen.
Potemkinekoek filmaren inguruan hitz egin dute: «Ali La Pointe eskuluze analfabetoa da, eta delitu-historia luzea du; Aljerreko kaleetan bizi da trilero gisa. Atxilotu ostean, kartzelara sartu duten espetxeetako batean, Aljeriako nazionalismoari lotutako preso baten exekuzioa ikusten du bere ziegako leihotik. Gertakari honek Aljeriaren gaineko frantziar zapalkuntza kolonialaren kontzientzia sorrarazten dio, eta ihes egin ondoren, Nazio Askapenerako Frontean sartzea erabakitzen du, bere arduradun nagusietako bat izaten amaitzeko».