Igeriketako txapelketa ugari izan ziren pasa den asteburuan eta bailarako igerilariek emaitza bikainak lortu zituzten. Honela, Euskal Herriko absoluto eta junior txapelketan Enaitz Goñik bi urrezko domina lortu zituen 400 metro libre proban eta Bidasoarekin 4x100 libreko erreleboan, Iruñeako C.D. Amaya klubean.
Bi proba horietan bakarrik parte hartu zuen. Euskal Herriko txapelketa Espainiakorako prestaketa bezala erabiltzen da eta denborak ez dira izaten esanguratsuak. Aste horretan 50.000 metro eginak zituen entrenamenduetan eta karga garaian izaten dira igerilari asko eta asko.
Bost Espainiako errekor lortu ditu Altunak
Bestetik, Oviedon, Espainiako Masters Txapelketa jokatu zen eta bertan bi igerilari hernaniar aritu ziren: Olatz Altuna eta Luis Goñi. Olatz Altunak Swim Camp Getxo taldearekin hartu zuen parte eta bost urrezko domina lortu zituen Espainiako bost errekorrekin. 40-44 urte mailan 50 eta 100 metro libre probetan irabazi zuen errekorrekin. Proba motzean 26.89ko denboarrekin ezarri du errekorra 40-44 urte artean eta 100 metrotan 1:00.57ko denbora da hernaniarraren errekor berria. Beste hiru errekorrak eta dominak talde getxoztarrarekin lortu zituen 4x50 estiloetan, 4x50 librean eta 4x50 libre mixtoan.
Luis Goñik (Kairoscore) ere Oviedora bidaiatu zuen 200 metro librean parte hartzeko. Zilarrezko domina eskuratu zuen 2:05.39ko denborarekin, 50-54 urte arteko kategorian, eta oso gustora amaitu zuen eginiko denborarekin.
Zazpi domina 3garren Abiadura sarian
Azkenik, Zarautzen 3garren Abiadura Saria jokatu zen, eta Hernani K.E.ko igerilariek zazpi domina lortu zituzten. Denborak hobetzeko ez zen sari oso egokia, baina sarien aldetik txapelketa ona izan zen. Taldeko 16 igerilari aurkeztu zituen Hernanik. Urrezko domina lortu zuten Andutz Zabalak 50 tximeletan eta Uxue Santxok 50 bular eta 100 estiloetan. Gerezi Juhak eta Eñaut Zabalegik zilarrezko domina lortu zuten 100 estiloetan eta hirugarren postuan sailkatu zen Andutz Zabala 100 librean. 4x50ko errelebo librean bigarren amaitu zuen Hernanik.