Zuhaixken aldaketa egingo dute Iturolan, igandean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 13a, 00:00

Sagarreta Natur Taldeak antolatuta 10:00etan hasita, iaz ereindako hazietatik sortu diren zuhaixkak ontzi haundiagoetara aldatuko dituzte.

Sagarreta Natur Taldeak zuhaixkak ontziz aldatuko ditu igandean, Iturolan, 10:00etan hasita eta eguerdira arte. Zuhaixkak ontzi haundiagoetara aldatuko dituzte.

Sagarreta Natur Taldeak bertako basoa sustatzea du helburuetako bat eta ildo honetan bertako basoetako haziekin osatutako mintegia da bere proiektuetako bat. Mintegi hori Iturolan dago kokatuta.

2023ko eta 2024ko udazkenetan haziak bildu eta erein zituzten auzolanean.
Orain hurrengo urratsa eman behar da.

800-1000 zuhaixka inguru

2023-2024ko neguan auzolanean eta Hernaniko ikastetxe guztiekin ereindako hazietatik sortu diren zuhaixka horiek ontzi haundiagoetara aldatzeko garaia iritsi da. 800-1000 zuhaixka inguru ontzi txikietatik haundietara pasatzeko lana egin behar da.

Horretarako auzolanerako deia egiten du Sagarreta Natur Taldeak. Edonorentzat aproposa den lana (familientzako eta haurrentzat ere egokia).

Hainbat espezietako zuhaixkak daude: haritzak, pagoak, elorriak, ametzak, arteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!