Kronikaren 25. urteurrena erakusketarekin eta solasaldiarekin hasiko da gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 13a, 00:00

Kronikak erakusketa prestatu du eta gaurtik egongo da ikusgai.

Mahai-ingurua 18:30etan hasiko da eta Eñaut Agirrek, Leire Goñik eta Aritz Zerainek aletuko dituzte Kronikaren hasierako eta ondorengo bizipenak. Erakusketa 17:30etan zabalduko da eta inaugurazioa solasaldia eta gero izango da.

Kronikak 25 urte beteko ditu ekainaren 23an, eta urteurren berezia ondo ospatzeko egitarau berezi bat jarri du martxan lan taldeak. Urteko lehenengo seihilekoan Kronikarekin lotutako zenbait jarduera izango dira, lehenengoa gaur bertan hasiko da.

Arratsaldeko 18:30etan hasita, Kronikaren ibilbidea sakon ezagutzeko aukera izango da Biteriko areto nagusian. Aritz Zerain, Eñaut Agirre eta Leire Goñi izango dira arratsaldeko protagonistak, eta Kronikako Beñat Los Arcos kazetariak gidatuta, 25 urte hauetako errepaso sakona egingo dute. 

Mahai inguruan proiektuari buruzko xehetasunak aletuko dituzte hiru hizlariek: proiektuaren sorrera, Hernanitik bailararako saltoa, bitxikeriak, pasadizoak... Bakoitzak etapa ezberdin batean egin zuen lan Kronikan, eta horrek ikuspegi zabala eskaintzeko aukera ahalbidetuko du. Egunkariaren eta lan taldearen eboluzioa protagonisten ahotik ezagutzeko aukera izango da. Tokiko hedabideen gertutasuna ere landuko da.

Hitzaldia amaitzen denean, 19:30ak aldera, 25 urte kaleko berri ematen erakusketa irekiko dute. Inaugurazio ekitaldiaren aurretik, 17:30etan, aukera izango da erakusketa bisitatzeko, eta martxoaren 7ra egongo da ikusgai. 

Erakusketan atal ezberdinak izango dira. Hasierako urteetako argazki zaharrak eta Kronikatik pasa diren lan taldeen argazkiak ikusi daitezke. Kronika esanguratsuen azalak ere ez dira faltako. 

Kronologikoki ibilbide bat egingo da (azalen, argazkien eta azalpenen bitartez) zer aldaketak izan diren azalduz. Bitxikeri moduan Kronikak bere ibilbidean zehar abenduaren 28an argitaratutako Inoxente eguneko aleak bertan izango dira. Batzuk eman zuten zeresana. Hori gutxi balitz ale zaharren liburuak ere jarriko dira bisitariek ikusi ditzaten. Aukera hori gaurtik, otsailaren 20ra arte izango da.

Herriz-herri antolatuko dira ekitaldiak, eta hurrengoa bertso saio tematikoa izango da, apirilaren 4an

Gaurko saioaren ondoren, apirilaren 4ko bertso saioak emango dio jarraipena 25. urteurreneko egitarauari. Kronikari buruz kantuan arituko dira Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu eta Andoni Rekondo bertsolariak, Aritz Zerainen gaiei erantzunez. 

Saioa arratsaldeko 19:00etan izango da, Astigarragako Erribera kulturgunean. Sarreren salmentari buruzko informazioa datozen asteetan argitaratuko du Kronikak. 

Kronika banatzen den herrietan antolatuko dira ekitaldiak. Herriz-herri izango da ekitaldiren bat eta Kronikak emango du horien berri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!