Garaguneak badu egoitza berria Hernanin, adimen-urritasuna duten pertsonak artatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 11a, 00:00

Atzo Hernaniko Garagune berrian egindako bisitan.

Erabiltzaileek eta haien familiek aurrerantzean ez dute Donostiara joan beharko eguneko arreta jasotzera.

Abenduaren erdialdetik, Hernaniko Latsunbe auzoak inklusio eta laguntza gune berri bat du: Garagunea. Goyeneche Fundazioak, Pausoak zerbitzu okupazionalarekin batera, Gipuzkoan kudeatzen dituen eguneko 17 arreta-zentroetara gehitu da orain Hernaniko Garagunea. 

Instalazioa 35 pertsona eta 6 profesional hartzeko diseinatu da, Hernaniko herriguneko espazio «irisgarri, moderno eta erosoa» eskainiz. Egoitzak astelehenetik ostiralera irekiko ditu ateak, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitarte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 487.417 euroko aurrekontuarekin finantzatu du zentro berriaren egokitzapena. Atzo elkartu ziren Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako dipuatua eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea. Zentroa bisitatu zuten Elena Laguardia Goyeneche Fundazioko zuzendariarekin batera. Bisitan, hurbiletik ezagutu dituzte egoitza berriak eskaintzen dituen zerbitzuak; erabiltzaileekin eta profesionalekin aritzeko aukera ere izan zuten.

«Desgaitasun intelektuala duten helduentzako zerbitzua»

Hernaniko Garaguneak herrian eta inguruetan bizi diren eta desgaitasun intelektuala duten helduentzako zerbitzuen eskaerari erantzuten dio. Izan ere, lehen Donostiako zentroetara joaten ziren egunero, orain, espazio berri honek, «hobekuntza nabarmena» ekarri duela nabarmendu du Eider Mendoza diputatu nagusiak: «Zerbitzu hau erabiltzaileengandik eta haien familiengandik askoz gertuago dago, eta aurrerantzean ez dute Donostiara joan beharko egunero arreta jasotzera».

Bestalde, zerbitzua beste urrats bat ere badela azpimarratu du Mendozak: «Desgaitasun intelektuala duten pertsonak gure gizartean lehen mailako herritarrak izatea nahi dugu, desberdintasunei muga jarriz, autonomia indartuz» adierazi du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!