Imanol Ansa urnietarrak ez du aurkaririk une honetan. Partidu ikusgarri bat jokatuta, hirugarren aldiz jarraian jantzi zuen Masters Txapelketako txapela, Azpiroz 30-20 mendean hartuta.
Partiduko lehenengo minutuak erabakigarriak izan ziren azken emaitzan. Ansak saketik ikaragarri asmatu zuen, eta partzial eder batekin 10-2 jarri zen aurretik urnietarra. Abantailari eroso xamar eustea lortu zuen lehenengo zatian, eta 10 tantoko aldea izatera iritsi zen (16-6). Azpirozek, ordea, ez zuen amore eman, eta diferentzia estutzen saiatu zen aukera izan zuen guztietan. Tarteka pixka bat gerturatzea lortu zuen Uitzikoak (19-13, 24-19), baina Ansak partidua kudeatzeko gaitasuna erakutsi zuen beste behin.
Azken estutu batekin 27-19 aurreratu zen txapelduna, eta sakea berreskuratu zuenean zuzenean 30erako saltoa egin zuen. Urnietarrak sakez egindako 11 tantorekin amaitu zuen norgehiagoka.
Emaitzan eta jokoan ikusi zen aldeaz gain, giro ederra sortu zen Galarretan. Azken txapelketetako finaletan bezalaxe, ederki itxuratu ziren harmailak eta erremontariek behin baino gehiagotan altxarazi zuten jendea eserlekuetatik.
Irabazten amaitu nahi du Urrizak
Larunbateko jaialdian jokatu zuen Urrizak bere erretiratuko dela esan zuenetik lehenengo partidua, eta argi erakutsi zuen irabazten agurtu nahi duela kantxatik. Zubirirekin batera jokatu zuen, eta 2-1 irabaztea lortu zuen Aldaberen eta Larrañagaren aurka.