Kronikaren 25. urteurrenari buruzko mahai ingurua izango da ostegun honetan, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 10a, 00:00

Xeoxe aldatu da gure webgunea, ezta?

Aritz Zerain, Leire Goñi eta Eñaut Agirre izango dira hizlariak, eta Kronikaren ibilbidea errepasatuko dute. 18:30etan hasiko da saioa.

Kronikak 25 urte beteko ditu ekainaren 23an, eta urteurren berezia ondo ospatzeko egitarau berezi bat jarri du martxan lan taldeak. Urteko lehenengo seihilekoan Kronikarekin lotutako zenbait jarduera izango dira, lehenengoa ostegun honetan bertan.

Arratsaldeko 18:30etan hasita, Kronikaren ibilbidea sakon ezagutzeko aukera izango da Biteriko areto nagusian. Aritz Zerain, Eñaut Agirre eta Leire Goñi izango dira arratsaldeko protagonistak, eta Kronikako kazetari batek gidatuta, 25 urte hauetako errepaso sakona egingo dute. 

Mahai inguruan proiektuari buruzko xehetasunak aletuko dituzte hiru hizlariek: proiektuaren sorrera, Hernanitik bailararako saltoa, bitxikeriak, pasadizoak... Bakoitzak etapa ezberdin batean egin zuen lan Kronikan, eta horrek ikuspegi zabala eskaintzeko aukera ahalbidetuko du. 

Hitzaldia amaitzen denean, 19:30ak aldera, '25 urte kaleko berri ematen' erakusketa irekiko dute. Ostegunean bertan aukera izango da erakusketa bisitatzeko, eta martxoaren 7ra egongo da ikusgai. 

Bertso saio tematikoa, apirilaren 4an

Osteguneko saioaren ondoren, apirilaren 4ko bertso saioak emango dio jarraipena 25. urteurreneko egitarauari. Kronikari buruz kantuan arituko dira Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu eta Andoni Rekondo bertsolariak, Aritz Zerainen gaiei erantzunez. 

Saioa arratsaldeko 19:00etan izango da, Astigarragako Erribera kulturgunean. Sarreren salmentari buruzko informazioa datozen asteetan argitaratuko du Kronikak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!