2025eko 2. erailketa matxista Euskal Herrian

June Aranburu Bitorika - Hernaniko Itaia 2025ko ots. 9a, 00:00

Ostegun honetan, otsailaren 6an, urteko bigarren erailketa matxistaren berri izan genuen. Irunen, 47 urteko gizon batek, bere ama labanaz erasotu zuen asteazkenean. Zaurien larritasuna zela eta, ospitalera eraman behar izan zuten emakumea, eta ostegun goizean jakin genuen bertan hil zela. Esan bezala, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian emandako bigarren erailketa matxista da dagoeneko; izan ere, urtarrila hasieran beste emakume bat erail zuen bere semeak Barakaldon. Eta noski, ezin dugu ahaztu 2024a sei erailketa matxistekin itxi genuela.

Egoera larria da, eta honek, erantzun irmoak ematea exijitzen digu. Izan ere, gertakari honetaz gain, azken astean hainbat eraso matxisten berri izan dugu: Durangon, Gasteizen, Andoainen, Santurtziko kirol entrenatzailea, Iruñeako institutuko irakasle erasotzailea… Egunero ateratzen argitara kasu berri bat.

Argi izan behar dugu gizartean hedatzen ari diren ideia matxistek emakumeok bigarren mailako subjketu izatea normalizatzen dutela; eta honek, gure aurkako erasoak zilegiztatzea eta normalizatzea eragiten du. Beharrezkoa da, salaketatik haratago, matxismoarekin amaituko duen erantzun kolektiboa antolatzea. Jarrera matxisten gorakadaren aurrean mobilizatzeko momentua da: erasotzaileen inpunitatearen aurka eta eraso matxistekin amaituko duen gizartearen alde. Eguneroko lan eta erantzunetatik haratago eta, testuinguruak eskatzen duen larritasunarekin, izan dadila aurtengo martxoak 8a matxismoaren aurkako borrokan kaleak hartzeko eta emakume langileon antolakuntza indartzeko egun bat.

Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!