Aho zapore gozoa utzi dio Hernaniko udal gobernuari urtarrilean zehar herritarrekin batera egindako Auzobiraren bigarren edizioak. 200 lagun inguruk parte hartu dute auzo ezberdinetan izandako zazpi bileretan, eta bertan gobernu taldeak bere programaren ildo nagusiak partekatu ditu.
Aipatu dira, besteak beste, gobernu programaren ekintza nagusitzat jotzen diren batzuen egoerak. Besteak beste, zertan den agintaldi honetan egiten hasteko asmoa den kultur ekipamendu berriaren proiektua, edota babes publikoko 308 etxebizitza eraikitzeko helburua duen Florida 08 proiektua.
Zazpi bilera egin dira Auzobiraren bigarren edizio honetan. Eta bilera guztietan jaso dituzte udal gobernuko ordezkariek bertako herritarren proposamenak. Horiez gain, udal ordezkariek tokian tokian gobernu programaren barruan lantzen ari diren egitasmoak azaltzeko ere baliatu dute
bilera. Topaketen garrantzia azpimarratu du Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak: «Bilera horiek balio haundikoak izan dira herriko auzoetako bizilagunen kezkak eta proposamenak jasotzeko».
Hamaika ideia, kezka eta proposamen jaso ditu gobernuak bileretan, eta orain horiek aztertuko dituzte. Oro har, herritarrek hirigintza eta zerbitzu publikoen inguruko proposamen ugari egin dituzte, eta baita mugikortasunari dagozkionak ere. Udalak martxan dituen zerbitzuei dagokienez, herritarrek ontzat jotzen dituztela agerian geratu da hitzordu gehienetan. Bereziki interesgarritzat jo dituzte herritarrek Auzozaintza eta gazteentzako psikologia zerbitzua.