Zartagi zaratatsu eta guzti, kaldereroek hartu zuten atzo Hernaniko kaxkoa

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 9a, 00:00

Herriko jende askok hartu zuen parte arratsaldeko kalejiran.

Txarangaren laguntzaz Hernaniko erdigunean barrena ibili ziren Kaldereroak. Festa giro ederra sortu zuten herriko haur, gazte eta helduek, eta kalejira bukatzean txokolatadarekin eta afariarekin borobildu zuten jarduera.

'Arbeit asfreit, ist gut ruhen singelin', 'Zein ederra, zein xarmanta Hernaniko lurra eta herria', 'Nork dauka eltze zaharrik konpondu nahi duenik?'... Entzun al zenituzten kantu hauek atzo arratsaldean? Entzungo ez zenituzten ba...

Kaxkoan zebiltzan herritar gutxi geratuko ziren Kaldereroen etorreraz ohartu gabe. Jendetza elkartu zuten Elur Txori elkarteko kideek, eta Hernaniko erdigunean barrena ibili ziren zartagiak gogotik astintzen. Haur, gazte eta helduek ederki pasa zuten arratsaldeko kalejiran.

Guztiaren gainetik, festa giroa nagusitu zen atzoko jardueran. Orain arte egindako entseguak ondo luzitu zituzten kalean, eta arte ederrarekin jarraitu zuten txarangaren erritmoa. Hasierako beldurrak beldur, eguraldia ere lagun izan zuten Kaldereroek, eta ez zen aitzakiarik izan ibilbide osoa egiteko. Paseoa Gudarien plazan bukatu zuten, eta kantu guztiak berriro abestu eta dantzatu zituzten bertan, jarduera borobiltzeko. Gozozaleek eta etxeko txikienek, gainera, txokolatada eder bat jaso zuten sari gisa, gorputza pixka bat berotzeko aukera ezinhobea. 

Urtebeteko etenaren ondoren, nabaritu zen ohitura berreskuratzeko gogoz zeudela hernaniarrak. Kalejiraren ostean ere Elur Txori elkartean jarraitu zuen festak, afari eder baten bueltan. Jan eta edan bai, baina musikaz gozatzeko aukera ere izan zuten afarian, eta zartagiak astintzeko tartea hartu zuen batek baino gehiagok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!