Igoera faserako bonoa salgai, errugbi elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 8a, 00:00

Zaleak, Landareko harmailetan.

Klubeko abonatu ez direnentzako eskaintza egin dute: Landaren jokatuko diren lau partiduak, 30 euroan.

Asteburu honetan hasiko da Ohorezko Mailarako igoera fasea, baina bi aste barru egingo du debuta Hernanik, atsedena tokatu baitzaio estreinako jardunaldian. Otsailaren 23an ekingo diote trikoloreek fase berriari, eguerdiko 12:00etan Landaren, Ingenieros Industriales Las Rozas taldearen kontra. 

Partidu horri eta hurrengoei begira, prestaketa lanetan buru-belarri murgilduta daude hernaniarrak, bere maila onena eman eta maila gorenera itzultzen saiatzeko. Eta beroketa lanak, zelaitik kanpo ere jarri dituzte martxan, Hernaniko Errugbi Elkartetik. Izan ere, igoera faserako bonoa jarri dute salgai, klubeko abonatu ez diren horientzat.

Igoera fasean Landaren jokatuko diren lau partiduak ikusteko izango da bonoa, eta 30 euroan jarri dute eskuragarri. «Zure bultzada behar dugu», luzatu diete deia herritarrei.

Las Rozasen kontrako partidu horren ondoren, honakoak jokatuko dituzte trikoloreek etxean: Pasek Belenosen kontra, martxoaren 16an; Complutense Cisnerosen kontra, apirilaren 6an; eta Liceo Francesen kontra, apirilaren 27an.

Asteburu honetan errugbiaz gozatu nahi duenak ere izango du aukera Landaren: Euskal Ligako mutilek jokatuko dute 12:00etan, Uni Bilbaoren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!