Punta-puntako jaialdia izango da gaurkoa, Galarreta frontoian. Hasteko, eta bereziki, buruz buruko Masters Txapelketaren finala jokatuko dutelako Imanol Ansa urnietarrak eta Xabier Azpiroz uitziarrak, arratsaldeko 15:15etan hasiko den jaialdian.
Iazko finala errepikatuko dute horrela, eta errebantxa bilatuko du Azpirozek, azkeneko bi urteetako txapeldunaren kontra. Hori bakarrik ez, buruz buru jokatu diren azkeneko lau txapelketak irabazi ditu urnietarrak: 2023ko eta 2024ko buruz buruko Mastersak zein Txapelketa Nagusiak. Banakakoan jaun eta jabe izaten jarraitu nahi du Ansak, eta hori saihesten saiatuko da Azpiroz.
Ligaxkan nagusitasunez irabazi zuen urnietarrak, iazko finalean bezalaxe; baina behin baino gehiagotan gailendu izan da uitziarra ere, haien arteko partiduetan. Kontuak kontu, Ansa izango da faborito, baina lasai kantxaratzeko aukerarik gabe. Oso erremontista sendoa da Azpiroz, eta urnietarrari min nola egin asmatu dezake. Joan den asteburuan, esaterako, binakako partidua jokatu zuten elkarren kontra, eta pelota jaitsiz eta arrimatuz, estu hartu zuen Ansa.
Astearteko material aukeraketan, pelota motelagoen alde egin zuen Azpirozek, tantoak luzatzeko; eta biziagoak aukeratu zituen Ansak.
Javier Urrizaren partidua, Aritz Zubiri lagun duela
Jaialdiko lehenengo partiduak ere piztuko du ikusmina, agurra iragarri zuenetik lehenengoz jokatuko baitu Javier Urriza iruindarrak. Gainera, Aritz Zubiri goizuetarrarekin batera jokatuko du, Kemen Aldaberen eta Iban Larrañagaren kontra. Atarikorik onena izango du Masters Txapelketako finalak.